Zenbat kandela itzal daitezke pospolo berarekin? Bost, sei, agian hamar? Herritarren artean zalantza hori sortuz, Ramon Bajo ikastetxeak dirua biltzeko ekimen dibertigarria sortu du Kandela bat, euro bat izenekoa. Bildutako diru hori eskolaz kanpoko jardueretarako erabiliko da soilik, ikasle bakar bat ere kanpoan gera ez dadin gai ekonomikoengatik.

“Ramon Bajo eskolak lotura estua du bertako hezkuntza komunitatearekin, modu aktiboan hartzen baitu parte, bai eskolan bai auzoan bertan egiten diren ekintzetan”, azaldu eta gaineratu zuten atzo ikastetxetik: “Helburua izanik eskolaz kanpoko jardueretan ikasle guzti-guztiek parte hartu ahal izatea, gurasoen elkarteak hainbat ekintza egiten ditu jarduera horiek finantzatzeko”. Izan ere, Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioak urtero antolatzen duen Kandelen Gauan Ramon Bajo eskolako gurasoen elkarteko familiak kalera atera ohi dira, eskolako egutegia saldu eta txokolate beroa eskaintzera.

Hala ere, txokolate beroa eta egutegia saltzeko ohitura hori aldatu behar izan dute aurten, koronabirusak eragindako osasun-egoera dela eta. Hori dela eta, eskolatik nahiago izan dute beste aukera batzuk eskaini eta kanpaina berri hau sortu dute. “Pandemia-urte honetan, ordea, ez dago argi egutegiak saltzeko postua jarri ahalko den ala ez, eta, beraz, familiek online kanpaina bat abiarazi dute: Kandela bat, euro bat”, azaldu zuten. Kanpaina horren bitartez erronka bat dute: abenduaren 31 baino lehen 1.000 euro lortzea. “Laguntza ekonomikoa behar dugu eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen jarraitzeko, eta eskolako ikasle guztiek horietan parte hartzeko aukera izan dezaten”, zioten Basartea guraso elkarteko kideek.

Nola parte har daiteke kanpaina honetan? Erraza da: diru-bilketa horretan laguntzeko, ikastetxeak proposatzen du interesa duten familia edo herritarrek bideo bat grabatzea, ahal beste kandela piztuz, pospolo bakarrarekin. Bideo hori sare sozialetan partekatzea gomendatzen dute #AktibGuztiontzat hashtag-arekin, eta gero lagunak erronka bihurtzea, galdera honekin: zenbat bela pizten dituzu pospolo berarekin? Bestalde, pizten den kandela bakoitzeko euro bat ematea da proposamena migranodearena.org/reto/una-vela-un-euro webgunearen bitartez.

Gainera, dohaintzak 20 eurotik gorakoak izan daitezen, ikastetxe honek kopuru hori gainditzea animatzen du oparia eskainiz. Hala, zenbateko horretatik gorako dohaintzetan, talde osoak egindako 2021 egutegia eskaintzen dute opari: “Gainera, 20 eurotik gorako donazioak egiten dituztenentzat 2021eko egutegi berezi-berezi bat eskaintzen dugu, aurtengo urtea ere berezia izan baita. Egutegi horretan eskolako hezkuntza komunitate osoak hartu du parte: irakasleek, eskolako langileek, ikasleek eta familiek”, ondorioztatu zuten.

Edizio honen amaieran, ikastetxeak jadanik jaso zituen zortzi dohaintza, guztira 134 euro bildu zituztenak, haurrak eskolaz kanpoko jarduerak egiteko aukerarik gabe gera ez daitezen helburuarekin. Ekintza berri honek aurten ere elkartasuna bildu nahi du, eskolako ikasle guztiek oztoporik gabe goza dezaten.

Helburua. Gasteizko Alde Zaharreko Ramon Bajo eskolako gurasoen elkarteak elkartasun kanpaina bat abiarazi du online, eskolaz kanpoko jarduerak finantzatzeko eta eskolako ikasle

guztiek izan dezaten aukera horietan parte hartzeko.

Nola?. “Kanpainan parte hartu ahal izateko, saia zaitez ahalik eta kandela gehien pizten pospolo bakar batekin, grabatu saiakera hori bideoan, partekatu sare sozialetan #AktibitateakGuztiontzat hashtag-a erabilita eta bota erronka zure kontaktuei”.