- 85 urteko gizon batek ustez eraso egin zion 66 urteko emazte ohiari zor ekonomiko batengatik. Gasteizko Udaleko Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, gertaerak joan den igandean gertatu ziren, 16:30 inguruan.

Zehazki, Udaltzaingoak dei bat jaso zuen lau eta erdiak inguruan, eta jakinarazi zioten arma zuriz egindako eraso bat izan zitekeela BIltzar Nagusiaren kalean. Bertaratu zirenean, lekuko batzuk gertatutakoaren berri eman zieten: gizon bat ustez emakume bati aizto batekin eraso egiten saiatu zen, eta emakume hori oihuka hasi zen. Herritar horiek, bertsio beraren arabera, biktima defendatzeko jarri ziren tartean. Azkenik, biktima gertakarien tokian artatu behar izan zuten, eskuetan hainbat zauri zituela. Ustezko erasotzailearen emazte ohia zen, eta, antza denez, zor ekonomikoa du senar ohiarekin. Ustezko erasotzaileak gertatutakoa eta horren arrazoia eman zion poliziari. Atzo epailearen esku utzi zuten, epaileak zigorra zehazteko.

Bestalde, asteburu honetan, udaltzainek Ibaiondon 122 adin txikiko eta nerabe salatu dituzte covid-19aren aurkako neurriak ez bete-tzeagatik: musukorik gabe ibiltzea, gaizki jarrita izatea, segurtasun-distantziak ez betetzea edo bileretan baimendutako pertsona kopurua gainditzeagatik, hain zuzen ere. Udaltzaingoak pandemiaren ondorioz abian jarritako osasun-neurriak hausten dituzten gazteen kontzentrazioak saihesteko indarrean sartutako prebentzio- eta zaintza-dispositiboen testuinguruan egin dira isun-proposamen horiek eta Eusko Jaurlaritza arduratzen da horien tramitazioaz. "Dagokion salaketa formulatzeaz gain, udaltzainak adin txikikoen familiekin eta tutoreekin harremanetan jarriko dira, gertakarien berri izan dezaten".