- 21 Zabalguneak beste urrats bat eman du Adurza eta San kristobalen egiten ari diren proiektuan. Oraingo honetan, atzo jakinarazi zutenez, Agree birgaitze energetikoaren proiektuaren berri ematen hasi dira bi auzo horietako bizilagunei.

Gasteizko Udalaren hitzetan, "Adurtza eta San Kristobaleko auzokoei AGREE birgaikuntza energetikorako proiektuaren gaineko informazioa emateari ekin dio 21 Zabalguneak , bertan zabaldu nahi baita plan garrantzitsu hori. Zehazki, gutun bat eta proiektuaren xehetasunen berri ematen duen azalpen-liburuxka bat banatuko ditu 21 Zabalguneak, eta datozen asteetan informazio bilerak egingo dira eragindako bizilagunekin", azaldu zuten prentsa-ohar baten bitartez. Eta erantsi zuten: "Izan ere, behar handiena duten auzoak birgaitzearen aldeko apustuari eutsi dio Udalak, eta Gasteizko auzo horietan gutxienez 170 etxebizitzatan (1940 eta 1980 bitartean eraikitako 15-20 eraikin) esku hartzeko helburua du". Eta, gainera, zehaztu zutenez, bi eraikin horietan hasten dira, eremu horretan "irisgarritasuna hobetzeko" eta "isolamendu termikoaren baldintzak" lantzeko beharra hauteman baitute. Ildo horretatik, adierazi dutenez, auzo horietan biztanleria zahartuaren ehuneko "oso handia" dago, eta "bereziki ahula" den kolektibo bat osatzen dute mugikortasunari eta osasunari dagokienez. 21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik nabarmendu zuenez, proiektuak ahalbidetuko du "biztanleen bizi-kalitatea hobetzea eta, aldi berean, birgaitzearen merkatua indartzea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta eraikinak irisgarri bihurtzea. Orobat, ingurumen-onura handiak lortuko dira, hala nola CO2 isuriak nabarmen murriztea, eta horrek hiria deskarbonizatzen lagunduko du. Proiektu hau bat dator datozen urteetarako diseinatu dugun klimaren aldeko ekintza-estrategiarekin, eta 21 Zabalgunea hiri-birgaitzerako eta -biziberritzerako agentzia gisa sendotzen du". Agree proiektu europarrak eraikin tipologia ezberdinetarako proposamen teknikoak edo aurreproiektuak finantzatuko ditu. "Ez, ordea, egin beharreko obrak; horretarako, administrazio publikoek unean-unean ematen dituzten laguntzak baliatu ahalko dira", zehaztu zuten. Ildo horretatik jarraituz, gainera, bizilagunen komunitateak lanak egitea erabakiz gero egoiliarrek ordaindu beharko lituzketen kostuak ere zehaztuko dituzte. Bestalde, 21 Zabalgunetik azpimarratu nahi izan zuten prozesu honetan xehetasun guztiak zainduko dituztela, eta, beraz, nabarmendu zuten prozesu horretan guztian informatu eta lagunduko dutela, "beharrezkoa izango litzatekeen dokumentazioa biltzen eta laguntzen eta lizentzien eskaerak izapidetzen" laguntzeaz gain, besteak beste. Agree europar proiektuan Eusko Jaurlaritzak, Tecnaliak, 21 Zabalguneak, Donostiako Etxegintza enpresa-entitate publikoak, Basauriko Bidebi etxebizitzarako udal sozietateak eta Ihobe ingurumen sozietate publikoak parte hartzen dute, eta bizitegietako energia-eraginkortasunaren arloan 8,5 milioi euroko inbertsioa mobilizatzea aurreikusten du, Euskal Herriko bizitegien birgaikuntza energetikorako finantziazio-eskariak identifikatzeko, mobilizatzeko eta bideratzeko mekanismo berritzaileak baliatuta.

2017ko maiatzean, Olarizuko Eremuko Kontseiluko presidenteak Hirigintzako bilera bat eskatu zuen Adurtza eta San Kristobal auzoen ingururako Hiri berroneratzeko proiektua aurkezteko. Proiektu horretan, auzoko eraikinak birgaitzeko finantzaketa lortzeko Europako deialdi baten esparruan egindako lanaren berri eman zuten. 2019ko urtarrilaren 15ean, Europako Batzordeak agree proiektuaren esleipena jakinarazi zuen, eta 2019ko irailaren 5ean, proiektua abiarazteko bilera egin zen, Gasteizen.

Osasun-krisia. Koronabirusaren osasun krisia dela eta, otsailaren 13tik 16ra ez da inauteriarik izango Gasteizen. Gasteizko Udalak duela gutxi erabaki zuen datorren urteko karrozen desfileak ere bertan behera uztea, abuztuan Andre Maria Zuriaren jaiekin egin zuen bezala, koronabirus bidezko kutsatzeak saihesteko. Hainbat konpartsek egunkari honetan baloratu zuten bezala, erabakia "arrazoizkoa" iruditzen zitzaien; izan ere, karrozak prestatzeko lanetan bertan ere, 300 lagun bildu ohi dira desfileak entseatzeko. Oraingoz, bertan behera geratu dira, eta hurrengo ekitaldietarako kontuan hartu beharko da zer bilakaera izan duen koronabirusak.