- Bide-orri bat izatea Gasteizko gazteek beren bizitza-proiektua hirian garatzerik izan dezaten. Hori da aste honetan onartutako Erronka Gazteak udal gazte planaren helburu nagusia. Hala, aste honetan Gasteizko Udalak gazte plan berria aurkeztu du. Erronka: Gazteak izeneko bide-orria, eta 2020-2021 aldian hiriko gazteria politikak ardazteko balioko duena. "Oraingoan ahalegin berezia egin da estrategia pandemiak ekarritako egoerara moldatzeko. Horretarako, hurrengo ekitaldian bideratu beharreko 32 ekintza identifikatu ditu Udalak, inplikatutako agenteekin eta gazteekin batera", adierazi zuten Gasteizko Udaletik atzo.

Ildo horretatik, Gasteizko Udaleko Gazteria zinegotziak azaldu zuen koronabirusak sortutako inpaktuak errealitate berri bat markatuko duela hiriko gazteengan, eta, beraz, "konponbideak bilatu" behar direla. Miren Fernandez de Landaren hitzetan: "Pandemiaren ondorengo egoera ekonomikoak, lan-merkatuaren bilakaerak eta Covid-19ak hezkuntzaren esparruan izan duen eraginak errealitate berri bat ekarri digute, zeinari hiriko gazteek aurre egin beharko baitiote. Irtenbideak eskaini behar dizkiegu. Diagnostiko bat dugu, eta 30 ekintzatik gora garatzeko, hau da, lan asko dugu aurretik. Baina ziur gaude krisi honetatik ateratzeko modua berritzailea izango dela, partaidetza bidezkoa, zeharkakoa, eta Gasteizko gazteek gidatua". Gainera, zinegotziak berregituratzen ari diren plan berriak ere azaldu zituen; izan ere, koronabirusak planak eta udalak aurten aurreikusita zuen agendaren zati bat nahastu ditu. "2020an V. Gazte Plana diseina-tzekotan ziren, hiru urterako, baina COVID-19aren agerpenak estrategiaren norabidea aldatzea ekarri du. Erantzun urgentea eman behar zen, eta malgutasunez eta azkar jokatu dugu", erantsi zuen. Hori dela eta, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuarentzat gazte plan berri hau lantzea "lehentasunezko lana" izan da osasun krisialdiaren hasieratik. Diseinu horretan, udal teknikariez gain, elkarteetako agenteek eta ordezkari politikoek hartu dute parte. Ahalegin bateratu horren emaitza da Erronka: Gazteak izeneko gazte plan berezia. "Garapen iraunkorreko helburuak gogoan", 32 ekintza jasotzen ditu, hamahiru arlotan banatuta, besteak beste, enplegua, etxebizitza, prestakuntza, osasuna, ekitatea, sorkuntza, mugikortasuna edo euskara. Denboran mugatutako plana da, malgutasun handikoa eta beharrei egokitua. Erronka: Gazteak planak urtebeteko indarraldia izango du, 2020ko amaieratik 2021 bukatu arte. "Hartara, errazago moldatu ahalko da etengabeko aldaketez eta ziurgabetasunez betetako egoera honetara, unean-unekoa, arina eta malgua izatea baita helburua", ondorioztatu zuten Gasteizko Udaletik.