- Udal gobernuak Arabako SEAD-Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkartearekiko lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du; horren bidez, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 320.000 euro jarriko ditu 2020an lankidetza-programak garatzeko.

Zehazki, bost proiektuk jasoko dute finantziazioa hitzarmen honen bidez, Gasteizko Udalak atzo jakinarazi zuenez. Proiektu horietako lehenengoak erizaintzako eskola sendotzea du izena. Proiektu honen helburu nagusia erizainak prestatzen dituen Eskolaren funtzionamendua erraztea da, izan ere, "errefuxiatuen kanpalekuetako osasun sistemaren funtzionamendua bermatzen dutenak dira". Finantziazioa jasoko duen bigarren proiektua Saharako emakumeen ahalduntzerako gaitasunak indartzea da. Kasu honetan, lan hau Saharako emakumeen ahalduntzearen ikuspegian kokatzen da. Hirugarren proiektua Elikadura- eta nutrizio-segurtasuna hobetzea izenekoa da: Batetik, moringa ekoitzi eta moringa-hostoen hautsa lortzeko prozesatzea da helburua, bularra ematen ari diren emakumeen anemiari aurre egiteko erabiltzen baita, eta bestetik, kanpamenduetako nekazaritza-granjan ekoitzitako arrautzak erosi eta banatzea. Laugarrenik, Gazteria plana: Aisia eta denbora librea. Bi ildotan lan egingo da: SEADen Gazteria eta Kirol Ministerioko Gazteria Zuzendaritza ekipatzen laguntzea, eta aisialdiko hezitzaileak prestatzeko. Azkenik, Zerbitzu publikoetako pizgarrien sistemari laguntzea da.