- Hasi berri den ikasturte honetan, Vital Fundazioak beka-deialdi bat egin berri du Araban erroldatutako ikasleentzat, betiere ikasturte honetan Estatu mailako edozein unibertsitatetan matrikulatuta badaude eta 2020-2021 ikasturterako Erasmus graduko ikasleentzako mugikortasun-programan onartuak izan badira. "Ez dira kontuan hartuko praktikak, graduondokoak, masterrak edo doktoretzak", adierazi du fundazioak prentsa-ohar baten bidez.

Ohiko deialdian 800 euroko laguntzak emango ditu ikasturte osoa kanpoko unibertsitatean emango dutenentzat; 400 eurokoak lau eta sei hilabete bitarteko epealdia emango dutenentzat; eta 100 euro lau hilabete baino gutxiagoko egonaldia izango dutenentzat. Gainera, deialdi berezi bat prestatu da familian premia ekonomikoak dituzten ikasleentzat. Kasu horietan, beken zenbatekoa ohikoena halako bi izango da, eta ez zaie hainbanaketarik aplikatuko. Beken onuradunek 2021eko urtarrilaren amaieran jasoko dituzte hauek, unibertsitatera lehenengo seihilekoan doazen ikasleen kasuan; apirilaren amaieran bigarren seihilekoan doazenentzat; eta seihileko bietan doazenek bi zatitan jasoko dute beka, aipatutako hilabete horietan; hau da, urtarrilean eta apirilean.

Kutxabankek ere parte hartzen du beka horien kudeaketan, eta atzo hasita eta azaroaren 30era bitartean eska daitezke, www.fundacionvital.eus webgunean. "Eskabide-inprimakian beka bereziak eskuratzeko laukitxoa aktibatzen bada, egoera ekonomiko hori egiaztatzen duen dokumentazio gehigarria ere bidali beharko da", aipatu du gainera.

Laguntza hori beste erakunde batzuetakoen osagarria izan daiteke, eta truke-programa ofizialean hasieran aurreikusitako hilabeteak baino ez ditu kontuan hartuko. Halaber, ez ditu aintzat hartuko ikasleak gerora egin ditzakeen egonaldi-luzapenak. "Finkatutako egutegiaren aurretik kanpoko unibertsitateko egonaldia eteten bada, beka jasotzeko eskubidea galduko da", dio, eta pertsona bakoitzeko laguntza bakarra eman daiteke ikasle-ibilbide osoan, truke-programa guztietarako. Gainera, eskatzaileek K26 edo K26+ txartelaren titularrak izan beharko dute (30 urtetik gorakoen kasuan, Kutxabanken edozein finantza-txartelaren titularrak), eta erakundean egoera aktiboan dagoen kontu baten titularra ere. Bi kasuetan, 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenago emanak/irekiak izan beharko dute.

800

Ospatuko duen beken ohiko deialdian, 800 euroko laguntzak emango ditu Vital Fundazioak ikasturte osoa kanpoko unibertsitatean emango duten Erasmus graduko ikasle arabarrentzat.