- 64 urteko emakume bat atxilotu zuten igandean, atxiloketaren egun berean ustez 94 urteko amari eraso egiteagatik. Gasteizko Udaltzaingoaren Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, igandean dei bat jaso zuten 092 zenbakian, arratsaldeko seiak aldera, eta emakume batek amari tratu txarrak eman zizkiola ohartarazi zieten, biak bizi diren etxean, Lakua-Arriagan. Udaltzaingoa heldu zenean, hainbat oihu eta irain entzun ahal izan zituzten, bertsio ofizialaren arabera. Eta etxebizitzan sartzerakoan, polizia ohartu zen adineko emakumeak hainbat hematopa eta marka zituela. Hori dela eta, poliziek emakumearekin eta haren alabarekin hitz egin zuten eta tratu-txar delitua leporatuta atxilotu zuten alaba. Guardiako Epaitegian dagozkion eginbideak egin ostean, atzo pasatu zen epailearen aurretik. Biktima anbulantzian eraman zuten ospitalera. Familiako beste baten kargu geratu zen.

Bestalde, larunbatean suhiltzaileek esku hartu zuten Ihurreko errota zaharrean sortutako sutea itzaltzeko. Bertan, suak estalkiari eta bigarren solairuari eragin zion bereziki. Eta azkenik asteburuan zehar eguraldi txarretik eratorritako hamar bat esku-hartze izan dira: larunbatean haize-bolada handiengatik, eta igandean, euriaren eraginez, hiriko hainbat tokitan sortu ziren hainbat ur-putzuengatik, Udaletik atzo jakinarazi zutenez.

Ertzaintzak ere hainbat jarduera egin behar izan ditu asteburuan. Aipagarriena atzo goizaldean gertatu zen. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Ertzaintzak bi pertsona atxilotu zituen atzo supermerkatu batean lapurtzen saiatzea egotzita. Gertakaria goizaldeko hiru eta erdiak baino minutu batzuk lehenago izan zen. Ordu horretan, Ertzaintzak alarma-zentral baten abisua jaso zuen General Alava kaleko supermerkatu batean. Abisu horretan, barruan bi pertsona zeudela jakinarazi zieten. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen, eta atea indarrez ireki zutela egiaztatu zuten poliziek. 18 eta 32 urteko bi gizon identifikatu ondoren, ertzainek atxilotu egin zituzten indarra erabiliz lapurreta egitea egotzita, eta ertzain-etxera eraman zituzten, Eusko Jaurlaritzaren esanetan.