- Udazkenarekin bat Mintzalaguneko hasiera dator urtero bezala. Aurtengo osasun egoera berezia kontuan hartuta, bakoitzaren izen ematea egitea oso beharrezkoa izango da. Inork ez daki oso ondo noiz hasi ahal izango diren berriz Gasteizko Mintzalagun taldeak betiko moduan elkartzen. Ikusi beharko da egoera honen garapena eta horren arabera erabakiak hartuko dituzte.

Malgutasunez jokatzea gustatuko litzaieke teknikariei, eta posible den heinean Mintzalagun bilerak antolatzea. “GEU Elkartean badakigu Mintzalaguna programa eta talde bakoitzaren arrakasta harreman sozialetan oinarritzen dela, eta online bilerak efektiboak diren arren hotzak ere izan daitezke”, adierazi dute teknikariek.

Erantzukizuna eta segurtasuna dira ikasturte honetan lehentasunak, eta bileretan segurtasun neurriak kontuan hartu beharko dira. Adibidez, ez parte hartu aurrez aurreko bileretan sintomaren bat baduzu, eta bilerak talde txikietan eta 1,5 metroko distantzia mantenduz egingo dira. Gainera, positibo bat konfirmatuko balitz, arduradunari jakinarazi behar zaio beste parte-hartzaileei eman beharreko neurriak eta informazioa arindu ahal izateko.