adaiotz Sokatira Taldeak aurtengo Euskaraldiarekin bat egin du eta horretarako, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko den ekitaldi honi begira, arigune bat sortu dute bere kideek, aurten sortu berri den rola, lasai aritzeko guneak sortzeko aukera izan dutelako entitateek -kirol taldeak, kultur arloko elkarteak, erakundeak, enpresak, etab.-.

Horren kide den Ruth Linazak gogoratzen du, horren harira, gehienek euskaraz hitz egiten dutela haien egunerokotasunean eta entrenamenduetan, eta ideia ona iruditu zitzaien bertan parte hartzea. "Txapelketak Euskal Herri mailan jokatzen ditugunez, euskal giro hori mantentzen da", dio.

Haien kasuan barne-arigune bat da sortu dutena. Entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira hauek. "Talde honetako kideek barne-arigunea osatzea erabakitzen dutenean modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea adostuko dute. Arigunea osatzeko beharrezkoa izango da taldeko kideen %80a gutxienez ados egotea. Ariguneetako kide bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest moduan parte hartzea", gogoratzen du Euskaraldiak bere web orrialdean.

Ahobizi eta belarriprest ugari daude bertan. "Ahobiziak gara gehienak, eta badago belarriprest den norbait, baina gehiengoa ahobizi gara".

Badaiotz Sokatira Taldea 90. hamarkadan jaio zen. "Mutilen taldea sortu zen hamarkada horretan, baina neskon taldea duela 20-25 urte sortu zen. Duela 15 bat urte, mutilik ez zen geratu; badago kirolariren bat badaukala fitxa Badaiotz taldearekin, baina sokatiran neska taldea baino ez dago gaur egun", aipatzen du. Bizipen ugari izan dituzte urte hauetan zehar. Linazak taldean dagoenetik sei munduko txapelketa irabazi dituzte, eta aurten beste bi urrezko domina lortu dituzte. "Dirua ez dugu irabazten, baina munduko txapeldun izatea polita da berez".

Konpromiso handia eskatzen duen kirola da, eta haiek ere euskararekiko konpromisoa sinatu dute arigunea sortzerako orduan. "Taldeko kide gehienak Gasteiztik kanpo bizi gara; gehienok hona ikastera etortzen ginen, eta entrenatzera gatoz orain". Momentu honetan, hala ere, covid-19a dela eta ez dituzte entrenuak berreskuratu.

"Protokoloak jarraitu behar ditugu eta txapelketak ere ez dakigu ospatuko diren. Orain dabiltza txapelketak ospatuko diren ala ez erabakitzen", aurreratzen du Linazak. Haiek herri kiroletan aritzen dira, azken finean, baina talde kirola da hau eta zailago ikusten dute etorkizuna. "Abenduan badago 4ko txapelketa, eta ez dakit burutuko den, ze azkenean lekuek baldintza-tzen digute eta egia esan ez dakigu zer gertatuko den. Entrenatzen hasiko gara eta protokoloak jarraitu beharko ditugu".

Gainera, ez dira profesionalak eta beste lanpostuak dituzte sokatiratik kanpo. "Konfinatzen bagaituzte, ez dakit zer gertatuko den". Emakumeen egoera sokatiraren munduan "larri" dagoela aitortzen du. Aurreko urteetan mundialekin eta, emaitza onak lortu dituzte eta ikusgaitasuna ere lortu dute. "Beti gure lekuaren bila borroka bikoitza egin behar dugu, eta horrek frustrazioa sortzen du. Lekua berez naturalki egon beharko zena, borrokatu egin behar dugu. Urteak daramatzagu borroka horretan, emakumeok leku hori izateko".

Hiri bateko talde bat dira gainera, eta kirol asko dauden hiriburua dela gogoratzen du. "Dagoen dirua horrenbeste lagunen artean banatu behar denean...". Ikusgarritasuna eskatuko lukete haiek. "Talde kirola gara, eta balore horiek sustatzen ditugu. Hori baloratu beharko litzateke".

Egoera berera bueltatzen denean gustatuko litzaieke jende gehiagok haiekin bat egitea, eta bereziki gazteek. 10-12 lagun dira une honetan taldeko kide, eta Abetxukoko frontoian egon ohi dira. "Bagaude hemen prest jende berriari erakusteko, jende berria laguntzeko eta arigune honetan beso zabalik har-tzeko. Talde heterogeneoa gara, adin desberdinekoa, eta oso ondo moldatu gara", gogoratzen du.

Familia txiki bat dira, azken finean, eta horregatik froga egitera gonbidatzen du jendea Linazak. "Jendeak frogatzen duenean beste sentsazio batekin joaten da, aurreiritzi asko daudelako sokatiraren inguruan". Horregatik, interesdunek badaiotzsokatira@gmail.com helbidera bidal dezakete mezu bat. Badaiotz Sokatira Taldeak, bien bitartean, kirol honen aldeko apustua egiten jarraituko du, emakumeen paperaren alde, baita euskararen erabileraren alde. Hiru atal hauek batuz, Badaiotz Sokatira Taldea sortzen dute; kirola maite duten emakume euskaldunak direlako, eta horren aldeko apustu indartsu bat egin nahi dutelako. "Talde bat uztartzen da, eta talde egin behar da. Pieza guztiak ahokatu behar dira, eta teknika oso garrantzitsua da", gogoratzen du Ruth Linazak amaitzeko.

%80

Aurtengo Euskaraldirako ariguneak sortu dituzte, euskaraz lasai aritzeko guneak. Hauek osatzeko beharrezkoa izan da taldeko kideen %80a gutxienez ados egotea.

20

Badaiotz Sokatira Taldea 90. hamarkadan jaio zen. "Mutilen taldea sortu zen hamarkada horretan, baina neskon taldea duela 20-25 urte sortu zen. Duela 15 bat urte, mutilik ez zen geratu; badago kirolariren bat badaukala fitxa Badaiotz taldearekin, baina sokatiran neska taldea baino ez dago gaur egun", gogoratzen du DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin elkarrizketatutako taldeko kidea den Ruth Linazak.