- Hilabete honetatik aurrera, berriro batuko dira babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen familia-harrerari buruzko aurrez aurreko informazio-hitzaldiak, iragan martxotik etenda daudenak, Arabako Foru Aldundiak berak atzo jakinarazi zuenez.

Covid-19aren aurkako neurriak betez ekingo zaie berriro hitzaldiei. Horretarako, saioak esparru zabalago batean antolatuko dira, Gasteizko San Prudentzio Fundazioaren ekitaldi aretoan, hain zuzen ere. Honako egun hauetan izango dira harrera kanpainako hitzaldiak urte amaiera arte: urriaren 19an, azaroaren 23an eta abenduaren 14an. Saioak 18:00ean izango dira. "Harrera babes neurri bat da, hainbat egoerarengatik gurasoekin bizi ezin diren umeei berea ez den familia batekin garatzeko aukera ematen diena; harrerari esker, aldi berean, beren gurasoekin harremanetan jarrai dezakete kaltea konpontzeko", azaldu zuten atzo Aldundiatik. "Araban harrera familian interesa duen pertsona orok har dezake parte saioetan. Hitzaldietan, harrera modu horren oinarrizko alderdiak jorratuko dira; informazioa emango da adingabeen ezaugarri eta bizipenen inguruan; protagonista bakoitzak harreran zer zeregin duen aztertuko da, zein lege eta administrazio esparru dagokion, eta, guzti-guztia, parte hartzean oinarritutako metodologia dinamikoaren bidez", gaineratu zuten.

Gaur egun, ehun adingabe inguru bizi dira harreran. Gainera, Foru Aldunditik gaineratu zutenez, familia-harreraren modalitate desberdinak daude: larrialdiak, aldi baterakoak edo iraunkorrak. Espezializatuen harrerak ere badaude, bai adingabe bakar batentzat, baita anai-arreben taldearentzat ere.

Familia profil eta mota guztiek har dezakete haur bat harreran: familiek, bikoteek, bikoterik gabeko pertsonek, seme-alabak dituztenek edo ez dutenek. Interesdunak familia harrerako programarekin jar daitezke harremanetan, 945 77 30 52 telefono zenbakira deituz edo acogimiento@araba.eus helbide elektronikora idatziz.