- Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna bihar da, eta Gasteizek eta Arabak ere bat egingo dute ospakizun honekin. Hori dela eta, Gizarte Politiken Saileko foru diputatu Emilio Solak dei egin die Arabako herritarrei bihar antolatutako ekitaldietan parte har dezaten. “Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzearen alde aktiboki parte hartzera animatzen zaituztet. Merezi du konpromiso horrek. Bide luzea dugu denok egiteko, erakunde eta gizarte talde guztiok, gizartea kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, eta arazo mentalen inguruko mitoak alde batera uzteko”, baieztatu zuen.

Hala, Asafes Gaixotasun mentalak dituzten pertsonen eta haien senideen Arabako elkarteak ekitaldi desberdinak antolatu ditu, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eskubideak eta erabateko gizarteratzea defendatzea sustatzeko. Gainera, hilabete osoan zehar, Asafesen bulegoen kanpoaldean (Amadis kalea 2, Blas de Oteron sarrera), Eta zuk nola zaintzen duzu zure osasun mentala? izenburua duen horma irudia jarriko dute, eta edozein pertsona hurbildu ahalko da osasun mentalari buruzko mezu bat jartzera.