- Gasteizko Udalak eta CIC energiGUNE fundazioak (Fundación Centro de Investigación Cooperativa de Energías Alternativas) lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten atzo, iraunkortasun energetikoa sustatzera bideratutako ekimenetan elkarrekin aritzeko.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak atzo azaldu zutenez, akordiotik eratorritako lehen lanetako bat udal ibilgailu elektrikoen bateriak birziklatzeko eta espazio publikoko argiztapenean erabili ahal izateko azterketa pilotu bat egitea izango da. Gorka Urataren nabarmendu zuenez, "Vitoria-Gasteiz Green Deal planaren helburuetako bat da planetak dituen erronkei aurre egiteko udalerri mailan gara daitezkeen irtenbide eta ekimenak erakarri eta abian jartzea, energia iraunkortasunarekin lotutakoak, besteak beste". Gogorarazi zuen, halaber, 2019-2023 agintaldirako planean "berebiziko garrantzia" dutela "trantsizio energetikorako ekimenek, esaterako, energia iraunkorren erabileran oinarritutako mugikortasun-ereduak". CIC energiGUNEren zuzendari nagusiak, berriz, hitzarmenak duen garrantzia azpimarratu zuen, "horren bidez energia biltegiratzeko teknologiak baliatzea sustatuko baita, eta Gasteizen energiaren erabilera eraginkorrari begira hobekuntza ekarriko baitu". "CIC energiGUNEtik iraunkortasunaren aldeko apustua egiten dugu, eta gure ahaleginen zati bat baterien birziklatzea eta bigarren bizialdia ikertzeari eskaintzen diogu, alderdi hori gakoa izango baita herritarren kontsumo-erabakietan datozen urteetan", nabarmendu zuen.

"Helburu komunak dituztela ikusirik, bi erakundeek hitzarmena sinatzea erabaki dute, zeinaren bidez CIC energiGUNEk aholkuak eta laguntza emango baitizkio Udalari. Zehazki, udal eraikinetan bero-eskaera elektrifikatzearen bideragarritasuna ikertuko da. Orobat, ibilgailu elektrikoen bateriei bigarren bizialdia emateko aukerei buruzko azterlan pilotua egingo da, eta elkarlanean arituko dira bi alor horiei buruzko sentsibilizazio eta zabalkunde jardunaldiak egiteko, trantsizio energetikoari begira betiere", gaineratu zuten atzo Udaletik prentsaohar baten bitartez.