- Covid-19ak hemen jarrai-tzen du oraindik, baina horrek ez ditu Geu elkarteko kideak geldiarazi, eta pandemiari aurre eginez, 2020-2021 ikasturte berriari ekin diote, euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin. Aurten, berriz ere, 2018an gertatu zen bezala, Gasteizko Euskaraldia ere kudeatzen dute, baina beste zenbait jarduera antolatzen ari dira horretaz aparte, hauekin guztiekin euskararen aldeko pausoak emanez. Urrian bertan ekitaldi desberdinak ospatuko dituzte.

Munduak bizi duen egoeraren aurrean aldaketak egin dituzte haien agendan, baita eskaintzen dituzten jarduerak antolatzeko eran ere. "Egia da programak gutxi gorabehera moldatu behar izan ditugula gaur egungo behar izanetara. Aurretik genituen programa batzuk jarraituko dute, baina beste formatu eta modu batean egingo ditugu", aurreratzen du koordinatzailea den Azaitz Unanuek. Gogoratzen duenez, saiatu dira mantentzen elkarlanean egiten zituzten ekintzak, baina adibidez Igandeak Jai bezalako ekintzak "zeinak guraso elkarteekin antolatzen ditugun, eskoletan ezin izango ditugu antolatu, eta nahiz eta guraso elkarteekin elkarlanean egin, udalak eskaintzen dituen gizarte etxeetan dauden antzokietara bideratu behar dugu".

Tailerren kontua ere beste modu batean egin behar izango dute. "Agian egin beharko ditugu ekintza gehiago aire librean, espazio eremu irekietan, taldeen muga handitu, izen-emateekin oso zorrotz arituz, distantzia eta edukiera mugekin". Egia da programa batzuk online egiteko aukera eskaini dutela ere (formazioak, etab.) eta ikusi behar dute zer erantzun dagoen eta nola molda daitezke egoerara.

Neurriak hartzea ezinbestekotzat jotzen dute, egoerara moldatzeko. "Jendeari beldur gutxiago ematen dio aire librean egiten diren ekintzak, eta bai Geurekin mendira eta mintzalagunean iaz martxan jarri genituen mintzaibilaldiak ere jendeak interes gehiago duela horien inguruan. Ikusiko dugu neguan zer gertatzen den eguraldi txarrarekin", dio lan taldeko kidea den Zuriñe Gilek.

Hala ere, irakurle kluba bezalako ekintzak ere martxan jarri dituzte. Gelen edukiera errespetatuz, distantziak manteduz, zer edo zer egiteko aukera dagoela argi daukate. Izan ere, saiatu dira bermatzen haien programazioa ez galtzea euskaraz "lasai" eta "goxo" aritzeko tarteen presentzia bermatze aldera. "Saiatu gara aldez aurretik aurreikusita genituen ekintza hauek aurrera ateratzen, nahiz eta formatua pixka bat aldatu, eta jendearen harrera oso oso ona ari da izaten. Nabaritzen da gogoa dutela normaltasunera bueltatzeko beste era batean, gauzak egin nahi dituztela eta gauzak euskaraz egin nahi dituztela".

Konfinamenduan zehar lehentasunak aldatu egin ziren, eta itxialdia gelditzeko eta hausnartzeko aprobetxatu zuten Geu elkartekoek. "Bigarren maila batera pasatu da euskara hilabete horietan zehar eta zentzu horretan euskalgintza oso kritikoa izan da", dio Unanuek. Konfinamenduak -deritzo- eragina izan du bereziki ere haur eta gazteetan. "Izan ere, etxeko errealitate asko ez dira euskaldunak, eta orduan haur askoren euskararekiko lotura bakarra eskolarekin dutena da. Eskolak ixtean, euskararekiko harreman bakarra galdu dute". Horregatik, haiek lan egiten jarraitu dute hilabete horietan ere euskararen erabilera zabaltzeko, erronka hori gainditzeko. "Guk zabaltzen genuen diskurtso hori, edo estrategikotzat hartzen genuen esparru hori, badirudi konturatu dela gizartea zein garrantzitsua den eskolaz kanpokoa. Guretzat hori positiboa da eta sentitzen dugu orain arte egindakoa baliagarria dela".

Izan ere, biek mezu bat bidali nahi diete gasteiztarrei. Ildo beretik jarraitu nahi dute, eta proposamenak dituzte. "Itxialdian lanean jarraitu genuen uste genuelako euskararen presentzia bermatu behar genuela, eta proiektu berriak abiarazi genituen". Haiek lanean jarraitzen duten bitartean euskaraz aritzera anima-tzen dute jendea.

"Programak gutxi gorabehera moldatu behar izan ditugu gaur egungo behar izanetara"

Koordinatzailea

"Itxialdian lanean jarraitu genuen uste genuelako euskararen presentzia bermatu behar genuela"

Lan taldeko kidea