- Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta Slow Food Araba elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena onetsi berri du. Bere helburua tokiko produktuak kontsumitzearen inguruko sentsibilizazio-programa bat garatzea da, eta Udalak 12.000 euro jarriko ditu horretarako. Hala aurreratu zuen erakundeak atzo. “Aurreko urteetan ere egin izan da programa, baina oraingoan ezaugarri bereziak izango ditu, covid-19aren ondorioei egokitu beharko baitzaie”, gogoratu zuen. Programaren zati “garrantzitsu” bat umeei zuzendutakoa da. Izan ere, nekazaritza eta abeltzaintzaren alorretako profesionalen bisitak ospatuko dira ikastetxeetan. Herritarrei oro har zuzendutako jarduerak ere “barne hartzen ditu tokiko produktuen kontsumoaz sentsibilizatzeko programak”.