- Gasteizko elizbarrutiak bat egin du Francisco aita santuak sorkuntzaren zaintzaren inguruan egindako deialdiarekin. Horregatik, elizbarrutiak daukan ekologia integralaren batzordearen bitartez, urriaren lehenengo igandera arte partaidetzan oinarritutako agenda online bat antolatu du.

Segurtasun neurriak errespetatzea “ezinbestekotzat” jo du ere kasu honetan, eta horregatik hauek mantentzera animatzen du aurrez aurreko ekimenen kasuan. “Astero, elizbarrutiaren web orrialdetik eta sare sozialetatik gogoetak argitaratzen joan gara, baita erronkak ere konpromiso zehatz bat egiteko; kutsadura murriztea eta baliabide naturalez ez abusatzea”. Horretaz aparte, aurrez aurreko agenda bat ere prestatu dute. Larunbatean, adibidez, 10.00etan, boluntarioek hondakinak batuko dituzte Salburuako parkean, zenbat gauza botatzen diren ezagutzearren. Elizbarrutiak aurreratu du, horren harira, izena emateko aukera dagoela auzoko parrokian, edota www.diocesisvitoria.org web orrialdean dagoen inprimakia betez.

Lau egun beranduago, asteazkenean, ekologian eta ingurumenean adituak diren profesionalek planetak eta herritarrek gainditu behar dituzten erronkak argituko dituzte, eta hau zaintzeko gomendioak ere eskainiko dituzte. Hizlariak Bio-Alai elkartearen profesionalak izango dira, eta elikadura eta kontsumo arduratsu baten inguruan hitz egingo dute. Haiekin batera, Hogares Verdes egongo da -etxebizitza jasangarrien Gasteizko Udalaren programa-; baita Koopera -Caritasek sortutako enpresa bat, birziklatzean oinarrituta-, eta Parroquias con Compromiso Ecológico de Álava. Azken hauek ingurumenaren aldeko defentsari buruz egiten duten lana aurkeztuko dute. Mahai-ingurua 19.00etan hasiko da San Pablo gelan, Vicente Goicoechea kaleko 7. zenbakian, baina elizbarrutiak gogoratzen du YouTuberen bidez ere jarraitu daitekeela eta era horretan segurtasun neurriak errespetatu.