Bezero gutxiago. Koronabirusaren pandemiaren ondorioak txikizkako merkataritzaren sektorean islatzen hasi dira, bezeroak galdu baititu, Eustaten datuen arabera. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritzaren sektoreko salmentek %15,5eko beherakada izan dute 2020ko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, egutegi-efektuak atera ondoren eta prezio konstanteetan, Eustatek landutako datuen arabera.

"Pertsonaren ekipamenduan espezializatutako merkataritzak (jantziak, oinetakoak, farmazia-produktuak eta abar) %32,4ko beherakada izan du, eta etxeko ekipamenduan espezializatutakoak (etxetresna elektrikoak, altzariak, telekomunikazio-ekipamenduak eta abar), berriz, %27,6koa. Beste kontsumo-ondasun batzuetan (liburuak, papergintza-gaiak, jostailuak, kirol-gaiak eta abar) espezializatutako txikizkako merkataritzak, bestalde, %32,6ko beherakada izan du".

"2020ko bigarren hiruhilekoan, Euskal Autonomia Erkidego osoko txikizkako merkataritzaren sektorean diharduten langileen kopuruak %2,1eko beherakada izan du".

- Koronabirusaren pandemiaren ondorioak txikizkako merkataritzaren sektorean islatzen hasi dira, bezeroak galdu baititu, Eustaten datuen arabera. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritzaren sektoreko salmentek %15,5eko beherakada izan dute 2020ko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, egutegi-efektuak atera ondoren eta prezio konstanteetan, Eustatek landutako datuen arabera.

Hala, Eustaten txostenean azaltzen denez, "sektoreko salmentek, erregai-zerbitzuguneak barnean hartu gabe eta termino beretan, %13,7ko beherakada izan dute", azaldu dute.

Sektoreka, atsedenik gabe lanean jarraitu duen merkataritza, ohi baino gehiago, elikadurarena izan da. Izan ere, konfinamenduaren garaian ohikoa izan da herritarrak ilara konstanteak egiten ikustea supermerkatuan sartu ahal izateko. Gainera, eta konfinamenduaren ondoren, herritar batzuek nahiago izan dute, antza denez eta txosten honen arabera, denda bakar batean ahal den guztia erosten jarraitu, hala nola barazkiak, frutak eta haragia, adibidez. Izan ere, supermerkatuetako salmentek gora egin dute, baina fruta-denda eta saltoki txikiak, aldiz, behera egiten jarraitzen dute. Zehazki, txosten horren arabera, elikagaien salmentak %5,3 igo dira. Hala ere, gainerako produktuen txikikazko merkataritzak ez du zorte bera izan eta % 31 jaitsi da. Erregaiaren salmenta ere %34,1 jaitsi da, 2019ko aldi berarekin alderatuta. Gainera, elikaduraren txikizkako merkataritzaren barruan, elikaduran, edarietan eta tabakoan espezializatutako merkataritzak (fruta-dendak, harategiak, arrandegiak eta abar) % 6,6ko beherakada izan du, eta elikaduran, edarietan eta tabakoan espezializatuta egon gabe ere produktu horiek nagusi diren txikizkako merkataritzak, berriz, %11,3ko igoera (supermerkatuak eta hipermerkatuak nagusiki).

"Gainerako produktuen txikizkako merkataritzan, prezio konstanteetan eta egutegi-efektuak zuzendu ondoren, salmenten beherakada orokorra izan da, 2019ko hiruhileko berarekin alderatuta", adierazi dute txosteneran eta erantsi dute: "Adibidez, pertsonaren ekipamenduan espezializatutako merkataritzak (jantziak, oinetakoak, farmazia-produktuak eta abar) %32,4ko beherakada izan du, eta etxeko ekipamenduan espezializatutakoak (etxetresna elektrikoak, altzariak, telekomunikazio-ekipamenduak eta abar), berriz, %27,6koa. Beste kontsumo-ondasun batzuetan (liburuak, papergintza-gaiak, jostailuak, kirol-gaiak eta abar) espezializatutako txikizkako merkataritzak, bestalde, %32,6ko beherakada izan du, eta gainerako produktuetan espezializatuta egon gabe ere produktu horiek nagusi diren txikizkako merkataritzak (txikizkako beste merkataritza bat, espezializatu gabeko establezimenduetan eta posta edo Internet bidezkoa), berriz, %32,7ko beherakada izan du aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta".

Euskadiko hiru lurraldeetan behera egin dute salmentek. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez dira libratzen pandemiak utzi duen krisi ekonomikotik, ezta herritar askok konfinamenduaren garaian erostera irteteko zuten konfiantza faltarik ere. Horrela, lurraldeak kontuan hartuta, salmenten indizeak urtetik urterako %10ko beherakada izan du Araban. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, beherakadak handiagoak izan dira (%14,1 eta %20,1, hurrenez hurren).

Ildo beretik jarraituz, txosten berdinak azaldu duenez, "2020ko bigarren hiruhilekoan, Euskal Autonomia Erkidego osoko txikizkako merkataritzaren sektorean diharduten langileen kopuruak %2,1eko beherakada izan du aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta. 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, beherakada %2ra iritsi da". Indize ekonomiko koiuntural honetan eta beste batzuetan kontuan hartutako langileen artean, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente (ABEEE) bati lotutako pertsonak sartzen dira. Orain, ikusteko dago ea, herritarrek konfiantza osoa berreskuratzen duten.