- Edozein eraso fisiko edo psikologikoren aurrean, Clara Campoamor Elkarteak beti eska-tzen du biktimak bere erasotzailea salatzea. Hala ere, ekintza hori hartzea zaila da, batez ere, bikoteak seme-alabak baditu.

“Gero eta emakume gehiagok ez dute salaketarik jartzen, ez dietelako seme-alabei kalterik egin nahi. Elkartera etortzen dira eta beraiekin hitz egiten dudanean galdetzen didate: zertarako jarriko dut salaketa, nire seme-alabak ken diezazkidaten?”, dio Blanca Estrella Ruiz Clara Campoamor elkarteko presidenteak. “Epaile batzuk tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei zaintzak kentzen ari dira, aitari emateko. Hori gertatzen ari da Euskadin. Lotsagarria da; izan ere, legeak dio tratu txarrak ematen dituenak ez duela ez bisitarik ez zaintza partekaturik izan behar. Hori funtsezkoa da emakumeek lasai, seguru eta konfiantzaz salatu ahal izateko”. Hala ere, Blanca Estrella Ruizek salatu du Estatuko ituna onartu zenetik gora egiten ari dela tratu txarrak eragin dituzten aitei zain-tzak ematen dizkieten kasuen kopurua. Horren harira, adingabeengan eragiten den kaltea atzeraezina dela esan du, eta horrek antsietatea, beldurra eta etorkizunarekiko segurtasun falta eragiten diela txikienei, “abandonatuta” sentitzen direlako, “eta inork ez dielako kasurik egiten”.

“Seme-alaba askok, gurasoekin elkartzeko topagunera iristen direnean, negar egiten dute, azkazalak jaten dituzte... eta oihuka eskatzen dute ez dutela bere aitarekin joan nahi. Azaltzen dutenez, ez dute aitarekin egon nahi, dioten beldurragatik... eta, hala ere, epaileak bere aitak eramatea baimentzen duen kasuak ematen ari dira”, dio. Honen harira adibide bat jarri du: “Duela urtebete, senar-emazte ba-tzuk dibortziatu egin ziren eta txakurraren zaintzagatik borrokatu ziren. Epaileak txakurrari deitu zion aretora. Eta animalia, jabea ikustean, harengana joan zen korrikan. Epaileak zaintza eman zion emakumeari, animaliaren erabakia kontuan hartu zuelako. Eta, hala ere, ez al diegu haurrei entzuten?”, dio.

Bestalde, Blanca Estrella Ruizek azaldu du konfinamendu hilabeteetan emakumeen aurkako eraso psikologikoak areagotu egin direla. Ildo horretan, indarkeria matxistaren bat (fisikoa edo psikologikoa) pairatzen duten emakume guztiek salaketa jartzeko eskatu du. “Batzuetan ez dute salatzen, salatzea zaila dela uste dutelako. Baina horretarako daude auzitegiko psikologoak; indarkeria psikologiko hori frogatzeko lan egiten dute. Beti saiatuko gara tratu txarrak jasan dituzten emakume guztiei laguntzen; hor egongo gara lehen pauso hori eman dezaten, salaketa jar dezaten eta aurrerapausoa emateko”.