- Atzo, berriz ere, Gamarra eta Mendizorrozako igerilekuak jendez hustu behar izan ziren sorosleen greba mugagabe eta partziala dela eta. Goizez eta arratsaldez egiten ari dira etenak -12.00etatik 14.00etara eta 17.00etik 19.00etara arte-, eta atzokoa hirugarren eguna izan zen.

Horren inguruan Radio Vitorian galdetuta, momentu honetan Kirola eta Osasunaren saileko zinegotzi ordezkaria den Iñaki Gurtubaik adierazi zuen "ez dela negoziatzeko saio seriorik egon. Uste dut aurretik finkatuta zutela greba egin behar zutela. Badakite abuztuan greba egiteak min handia eman diezaiekela herritarrei".

Zentzu horretan, gehitu zuen gainera Mendizorroza eta Gamarra ixteak "kalte handia egiten diela herritarrei eta gasteiztarrei". Sindikatu eta langileek greba honekin hasi ziren astelehenean bertan eta mugagabea izango da. Gainera, haien eskaerak bi ildoetatik doaz. Alde batetik, haien lan baldintzen inguruko eskaerak dituzte, eta hori izan da, diotenez, grebara joatekoa arrazoietako bat. Bigarrena udazkenerako kirol programazioan egindako doitzeak dira.

Horren harira, gobernuak berretsi zuen berriz ere "legez, udalak soilik %20an edo gutxiagoan murriztu dezakeela ekonomikoki enpresa adjudikaziodunarekin egindako kontratua. Ezin dugu portzentaia hori gainditu", gogoratu zuen. Gainera, berriz ere, azpimarratu zuen programa honen inguruan egindako aldaketak covid-19ak sortutako pandemiaren ingurukoak direla, segurtasun neurriak hartu behar direlako "guztien osasuna bermatzeko".

Horren inguruan, udal gobernuak argi utzi nahi izan zuen instalazioen desinfekzioa "bermatuta" dagoela. "Hori ez da sorosleek edo zaintzaileek egin behar duten lana, udal langileek eta mantenimendukoek baizik". Horregatik, sindikatuek egun hauetan zehar egindako "salaketak oso larriak" direla adierazi zuen Udalak zentzu horretan. "Ezin da jendearen beldurrarekin jokatu".

Azkenik, berriz ere, sindikatuek eta Gamarra eta Mendizorrozako igerilekuetako sorospen eta zaintza enpresa adjudikaziodunak negoziatu eta hitzartu behar dutela argitu zuen, "erabiltzaileak ez kaltetzeko hizketa falta honekin".

Aurreko egunean aurreratu zuen bezala, greba egiteko eskubidea errespetatzen du udalak, baina "mahai gainean jarri diren aldarrikapen konkretu hauei erantzuna emateko enpresak eta sindikatuek eseri eta hitz egin behar dute", azaldu zuen gobernuak amaitzeko.