- Ospitaleen egoera aldatu egin da egun hauetan zehar. Zentzu horretan, covid-aren ondorioz 17 pertsona ospitaleratu ziren astelehenean, eta covid-a duten 6 pertsona ZIUn daude. Hala adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak prentsa ohar baten bidez. Datu hauetan gorakada bat eman da, covid-aren ondorioz 12 pertsona ospitaleratu baitziren igandean. ZIUn, alaber, ere gora egin du pertsona kopuruak, 4 egotetik, 6 egotera. Egun, Osasun sailak gogoratu zuenez, 104 pertsona daude ospitaleratuta.

Astelehenean, bestalde, kasu positiboen beherakada bat erregistratu zen Euskal Herrian eta horren berri ere eman zuen sailak. Izan ere, 5.274 PCR proba egin ziren guztira, eta, haietatik, 265 positiboak izan ziren -aurreko egunean baino gutxiago, 353 positibo berri eman baitziren egun horretan zehar-.

Lurraldeen arabera, 35 jaso ziren Araban -64 igandean-, eta kasuak ez ziren jaitsi soilik lurralde honetan. Bizkaian, adibidez, 204 kasu erregistratu ziren igandean, eta 180 herenegun; eta Gipuzkoan, 75 kasutik 44 antzematera pasatu zen 24 ordu horietan. Gainera, 6 positibo Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan eman ziren, aurreko egunean baino 4 gutxiago.

Arabako kasuan, 32 positibo eman ziren Gasteizen -abuztuaren 4tik erregistratutako kopuru txikienetarikoa-, bat Urkabustaizen -aste osoan zehar ematen den lehenengo kasua-, beste bat Laudion -4tik 10era, 15 positibo antzeman dira herri honetan, horietako sei pasa den ostegunean-, eta azkenengoa Alegria-Dulantzin -aste horretan bi positibo erregistratu dira, bat atzo eta bestea aurreko ostiralean-.

Sexuen arabera ere neurtzen ditu positiboak sailak, eta horren harira aurreratu zuen astelehenean emandako kasuen artean, 140 gizonak zirela eta 125 emakumeak. Gainera, adinari dagokionez, kasu gehien erregistratzen diren taldeak 20-29, 30-39 eta 40-49 tartekoak dira. Hauetan, 45, 48 eta 44 kasu eman dira, hurrenez hurren.

ROa ere egin zuen behera. Kutsatu bakar batek, batez beste, zenbat pertsona kutsa ditzakeen neurtzen duen indizea 1,42an zegoen astelehenean argitaratutako dokumentuan, eta 1,35ean egotera pasatu da azken honetan. Beste alde batetik, foku desberdinetan egiten ari diren PCR proben berri ere eman zuen sailak. Galdakaoko Muguru tabernako fokoari dagokionez, orain arte aztertutako 1.105 PCRtik 6 positibo daude guztira. "Ez da kasu positiboen gorakadarik izan astelehenean argitaratutakoen alderatuta", adierazi zuen. Gasteizko Xixilu tabernaren fokuari dagokionez, 912 PCR egin dira orain arte, eta 21 emaitza positibo atera dira.

Bestalde, herenegun Bilbo-Basurtu ESIak 915 PCR egin zituen, eta horietatik 81 positiboak izan dira. 915 proba horietatik 2 bakarrik zeuden Xixiluren (1) eta Mugururen (1) agerraldiekin lotuta. "Bi probek negatibo eman dute", gehitu zuen.

Lasarteko eliztarren kongregazio batean, gainera, 81 proba egin ziren astelehenean eta guztiek emaitza negatiboa izan zuten. Hasiera batean negatiboa zen emakume erlijioso batek sintomak izan ditu eta positiboa izatera pasa da.

Azkenik, eta Eibar eta Ermuako herrien egoerari dagokionez, atzo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Osasun sailburua den Nekane Murgak sinatutako agindua. Bertan, indarrik gabe uzten da, hau argitaratu zenetik, Eibar, Ermua eta Zarauzko udalerrietarako hartutako osasun publikoko neurri bereziak.

17

Covid-aren ondorioz 17 pertsona ospitaleratu ziren astelehenean, eta covid-a duten 6 pertsona ZIUn daude. Egun, Osasun sailak gogoratu zuenez, 104 pertsona daude ospitaleratuta.

35

Arabako kasuan, 32 positibo eman ziren Gasteizen -abuztuaren 4tik erregistratutako kopuru txikienetarikoa-, bat Urkabustaizen, beste bat Laudion, eta azkenengoa Alegria-Dulantzin.

912

Gasteizko Xixilu tabernaren fokuaren berri ere eman zuen Osasun sailak. Zentzu horretan, adierazi zuen 912 PCR egin direla orain arte, eta horietatik 21 emaitza positibo atera dira.