urten, Andre Maria Zuriaren jaiek ez dute bere zeledoia hartu, ezta festa, giro ona eta dibertitzeko gogoa duten ehunka arabar ere. Txosnarekin eta jendearekiko hurbiltasunarekin gozatzen duten elkarte guztiak ere ez dira festetan izan. Ezta Geu elkartearen txosna ere ez. "Datorren urteko jaiak gogotsuago hartzeko" erantzukizunari deitu behar zaiolako. Baina festarik ez egoteak ez du esan nahi Geu Elkartea geldirik dagoenik, guztiz kontrakoa baizik: elkarte honetatik indartsu eta gogotsu jarraitzen ari dira lanean euskara eta Arabako kultura mimo eta tentuz zaintzen jarraitzeko, nahiz eta pandemia honek zailtasunak ekarri dizkien eurei ere.

"Urte ezohikoa izaten ari da benetan, baina, GEU Elkartea bizirik dagoen eragilea den heinean egoera berrira moldatu da eta aurrera ekin diogu gauzak beste era batera planteatuz. Maila pertsonalean pena handia ematen digu txosna ez izateak, aurrez aurreko erlazioak, urteetan egindako lagunak, bazkideak eta kolaboratzaileekin gozatzeko aukera paregabea baita txosnak eskaintzen diguna", azaldu du DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkarian Esti Rodriguez Geu Elkarteko kideak. Izan ere, txosna da elkartearentzat diru-sarrera nagusietako bat, eta aurten ez jartzeak diru-sarrera nagusiak galtzeak dakar. "Txosna GEU Elkarteak duen autofinantzaketa iturririk handiena da, eta horrek autonomia ematen digu estrategikotzat jotzen ditugun proiektuak edo ideiak aurrera eramateko. Zorionez, bestelako diru sarrerak baditugu, erakunde eta beste eragileekin elkarlanean eramaten ditugun proiektuak abiarazteko, baina arraroa bada ere, hitzarmen edo kontratu hauetan administrazio edo komunikazio lanak ez dira kontuan hartzen eta horiek elkarteak berak hartzen ditu bere gain", azaldu du Estik beste kideekin batera. Eta erantsi du: "Beste alde batetik, badakigu egoera ekonomikoa hurrengo urteetan euskara eta kultura arloetan latza izango dela. Aurreikuspenez jokatu nahi dugu eta izango duen inpaktua murrizteko neurriak orain hartzen hasi, gerora GEU Elkartea estutasunetik ahalik eta hobekien ateratzeko".

Eta aurreikuspen ekonomikoez hitz egiten duenean, neurri batean, Crowdfundingen kanpainaz hitz egiten du, izurriteak sortu duen egoera txarra jasateko eta elkartean zailtasunik gabe aurrera joateko gai izateko. Hau da, txosnaren ideia diru bilketa kanpainara eraman nahi izan dute; beraz, ekarprenak zentzu horretan antolatu dituzte ere. Itsulapikoa.eus plataforman ikusten den bezala, ekarpenak hurrengo hauek dira: Bakarlari 10€, Bikote 20€, Kuadrilla 50€, Gaur nire kontu 100€ edo Txanda bat egin 100€ baino gehiago. Plataforman kantitate bat aukeratu, erregistroa bete eta ordainketa egitea, "horren erreza da aurten GEU Elkarteari laguntza ematea".

Kanpaina honekin, eta herritarren laguntza eta ekarpen ekonomikoari esker, elkarteak euskararen aldeko jarduerak egiten jarraituko duela bermatzen du, jaietan txosnarik egon ez arren. Hasiera batean helburua 6.000 eurora iristea zen, baina orain 10.000 eurora iristeko lanean ari dira, eta lortzen badute, elkarteko kideek esan dute aurten ez dutela Andre Maria Zuriaren jaia ospatuko, baina bai beste jai berezi bat kanpaina lortzeagatik: "Aurten jaiak ez ditugu ospatuko; diru bilketa kanpaina ondo badoa, 10.000€ lortu ditugula ospatuko dugu eta irailean murala egingo dugu, ekarpena egin dutenen izenekin", diote.

Momentuz, herritarrak ondo erantzuten ari dira. "Kanpaina oso ondo doa, ezarri genuen minimoa, 6.000 euro nahiko azkar lortu genuen eta orain 10.000 euro lortzea, kopuru optimoa, espero dugu. Zergak salbuetsita pixka bat gutxiago izango da garbi geratuko zaigun kopurua, baina aire pixka bat emango digu diru horrek", nabarmendu du Esti Rodriguezek. "Oso pozik gaude kanpainak izan duen harreragatik. GEU Elkarteak 800 bazkide inguru ditu, eta orbitan Mintzalagunak, guraso elkarteak, eskolak, hezitzaileak eta publiko ezberdinak ditu; guztiek erakutsi dute babesa eta elkartasuna elkartearekiko. Horrek benetan erakusten du elkarteak egiten duen lana esanguratsua dela eta bide onean gabiltzala".

Bildutako diru horrekin, talde honek irailetik aurrera normaltasunera itzuli nahi du bere jarduera guztiekin, osasun-egoerak ahalbidetzen badu. Hala, irailean ohiko programazioari ekingo diote segurtasun eta babes neurriak betetzen: Igandeak Jai ikuskizuna eta lantegia familientzat, irailaren amaieran izango du bere lehenengo saioa. Hala ere, "egoera berri honetara moldatu beharko ditugu gure saioaketa horretan gabiltza lanean, gauza guztiei milaka buelta ematen hauek birplanteatzen". Mintzalaguna ere normaltasunez hastea aurreikusten dute, egoerak baimentzen badu, aurrez aurreko bilerak egingo dituzte, beti bezala. Horrela ezin bada, online bidez bilduko dira taldeak, honetan eskarmentua dute mintzalagunek konfinamendu garaian horrela ibili baitziren. Gainera, Gasteizko Euskaraldiarekin aurrera egiteko asmo osoa ere badute, "behin kontratua sinatuta eta osasun neurriak betetzen ditugun bitartean, Gasteizen proiektua gizarteratzea izango da lehentasuna". Irakurle Kluba, GEUrekin Mendira eta formakuntzek betiko martxan jarraituko dute, osasun zerbitzutik kontrakoa gomendatzen ez badute. Eta, bukatzeko, konfinamendu garaian arrakasta izan zuten online bidezko ekintza batzuk ere berreskuratzeko ideia dute, "estrategikoak eta eraginkorrak iruditzen zaizkigulako". Gainera, "aukera badugu, GEUre Elkarrizketak berriro egingo ditugu urritik aurrera, hauek Instagram zuzenean bidezko elkarrizketak dira euskararen ekosisteman aritzen diren eragile ezberdinekin".

Hilabete baino gutxiagoan martxan jartzeko plan asko, beraz, elkarteak atsedenik gabe lanean jarraitzen du udan zehar, gazte eta helduen artean euskarari eta erabilerari indarra, bizia eta gogoa emateko. "Hizkuntzak harremanak sortzeko tresnak dira, sozializatzeko dugun tresnarik indartsuena. Euskarak, hizkuntza hurbila, gertukoa izateak norbanakoen arteko harremanetarako bide izan behar du. Kidetasunera, familia artera, lagun artera, lankide mailara eramateko unea izango da. Pandemia garai hauetan elkar zaintzea izan beharko baita gizarteak izango duen ardatza nagusia. Eta horretan euskarak lagun dezakeela uste dugu".

Eta festekin edo festarik gabe, euskarak indarra hartzen jarrai dezake hirian eta lurraldean, mimoz eta baikortasunez lan eginez gero. "Erabaki zentzuduna eta bizi dugun momenturako egokia hartu dela uste dugu, datorren urtean gogo gehiagorekin biziko ditugu jaiak. Hala ere, jaietako eragileon parte hartzerik gabe hartutako erabakia izan da. Parte hartzeari dagokionean ez zaigu praktika egokia iruditzen, izan ere jaietan sortzen den giro ona hein handi batean eragile hauen lanari esker ematen da eta zer esana badugula uste dugu", kontatu du Estik eta amaitzeko erantsi du: "Tentuz begiratzen diogu etorkizunari, beti ere B plana buruan daukagula. Hala ere, erakundeen erantzukizunean konfiantza dugu, haiek, gurekin batera, kultura eta euskara zaintzeko betebeharra ere bai baitute. Orokorrean, optimistak gara eta badakigu kapazak eta malguak garela egoera ezberdinetara egokitzeko. Kanpaina amaitu, zenbakiak egin eta datorrenerako prestatuko gara; GEU Elkarteak, Gasteizen euskarak bere lekua izan dezan bermatzea izango du helburu etortzen dena etortzen dela".

"Urte ezohikoa izaten ari da, baina, GEU elkartea egoera berrira moldatu da eta aurrera ekin diogu"

Geu Elkartea