- Asteartean gorakada bat eman zen Arabako kasu positiboetan. Izan ere, 58 erregistratu ziren. Hala aurreratu zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak. 47 Gasteizen eman ziren, 2 Agurainen, 1 Laudion, beste bat Iruraiz-Gaunan eta Berantevillan, bi Artziniegan eta beste bi Amurrion. Lezak eta Zuiak ere kasuak izan zituzten. Bat erregistratu zuen bakoitzak, hain zuzen.

Guztira, 5.359 PCR proba egin ziren, eta, haietatik, 241 positiboak izan ziren. Araban emandako 58 positiboez gain, 155 eman ziren Bizkaian, 26 Gipuzkoan eta 2 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan. Bestalde, uztailaren 27tik abuztuaren 2ra bitartean metatutako datuak aztertu ondoren, ondorioztatu dute covid-19a dela-eta bi hildako egon direla. Gainera, ospitaleen egoera dela eta, covid-aren ondorioz 10 pertsona ospitaleratu ziren asteartean, eta covid-a duten 3 pertsona ZIUn daude. 57k daude egun ospitaleratuta.

Osasun sailak argitaratu zuen atzo gainera aste osoan zehar eman diren nobedadeen inguruko buletina. Bertan, adierazten da uztailaren 27tik abuztuaren 2rako astean zehar 27.595 PCR egin direla (415.076 pandemiaren hasieratik), eta test azkarren kasuan, 752 egin dira (139.343 hasieratik). Hauek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete ere. Aste horretan zehar, gainera, 1.255 positibo erregistratu dira (16.732 hasieratik), eta beste 36 serologia bidez baieztatu dira (7.850). Hau da, pandemiaren hasieratik 24.582 izan dira emandako positiboak guztira. Lurraldeen arabera, gainera, Bizkaiak 9.525 antzeman ditu (780 aste horretan zehar), Arabak 3.676 (176 honetan ) eta Gipuzkoak 3.226 (250 pasa den astean). Hiriburuen datuak alderatuz, Bilbo izan da kasu gehien erregistratu dituenak (5.171 ), eta Gasteiz bigarrena (4.942). Donostiak, bere partez, ez ditu hainbeste antzeman (1.012). Bestalde, 14.462 negatibizatuak izan dira hasieratik (120 uztailaren 27tik abuztuaren 2rako aste horretan zehar), 4.546ek jaso dute ospitaleko alta (65 egun hauetan). 1.629 dira gainera hildakoak guztira. Osasun sailak zentzu horretan gogoratu zuen bezala, bi hildako egon dira covid-19a dela eta, datuak aztertu ondoren.

Behaketen emaitzen berri ere eman zuen sailak prentsa-ohar horretan. Izan ere, nobedadeak egon ziren asteartean zentzu horretan. Bertan adierazi zutenez, 265 PCR egin ziren Urdulizko Ospitalean, Erandio Goikoa Batzokiko garagardotegiko bezeroen artean egiten ari diren baheketa lanak direla eta. "Oraingoz 101 proben emai-tzak ezagutzen dira, eta guztiak negatiboak dira", gaineratu zuen. Horren inguruan, atzo 273 pertsonari egin zioten proba.

Basurtuko Ospitalean, bestalde, 46 PCR egin ziren zuzenean Erandio Goikoako garagardotegiaren fokuarekin lotuta dauden pertsonei; eta horiek guztiak negatiboak izan dira. Bestalde, 59 PCR proba egin ziren Fever diskotekaren fokuarekin lotuta; eta hauetatik 12 atera ziren positibo. "Asteartean zehar karpan egindako gainerako probak ez daude fokuekin lotuta", adierazi zuen gainera. Atzo, 153 pertsonari egin zioten proba.

Horrela gauzak, momentu honetan ere segurtasun neurriak hartu behar dira kontuan; segurtasun distantzia, maskararen derrigorrezko erabilera eta eskuak sarritan garbi-tzea dira horietako batzuk. Era berean, pasa den astean ezarri ziren beste batzuk eta ostalaritzaren ingurukoak direnak, baita lanpostuen ingurukoak ere, argi eduki behar dira egun hauetan. Adi egotea komenigarria da ere momentu hauetan.

Araba. Pandemia hasi zenetik, lurraldeen arabera, Bizkaiak 9.525 kasu positibo antzeman ditu guztira (780 uztailaren 27tik abuztuaren 2rako astean zehar), Arabak 3.676 (176 aste horretan ) eta Gipuzkoak 3.226 (250 pasa den astean).

Gasteiz. Gainera, hiriburuen datuak alderatuz, Osasun sailak gogoratzen du Bilbo dela kasu gehien erregistratu dituena (5.171 ), eta Gasteiz bigarrena (4.942). Donostiak, bere partez, ez ditu hainbeste positibo antzeman (1.012).