- Momentu honetan zailtasun ekonomikoak bizi dituzten Egibideko berrogeita hamar ikasle inuguruk ordenagailu eramangarriak jasoko dituzte, lagata, 2020-2021 ikasturtea “berme guztiekin” jarraitu ahal izateko. Hala aurreratu zuten atzo Vital Fundazioak eta Egibidek. Izan ere, bien arteko hitzarmena da aurkeztu zutena.

Atzo goizean eman zuten horren berri Egibideren zuzendari titularra den Diego Bandek, eta Fundacion Vital Fundazioaren zuzendaria, Arantxa Ibañez de Opacuak. Ekintza sozial honi 25.000€ esleitzearen erabakia ontzat hartu zuten biek, inor atzean ez uzteko ekintza sozial honi, alegia.

Bere hitzaldian, Bandek azpimarratu zuen “75 urte baino gehiago daramatzagula baldintza ekonomiko okerrenak dituzten eta, ondorioz, gure laguntza behar duten ikasleei laguntzeko xede nagusiarekin lanean”. Zentzu horretan, gogoratu zuen ez dutela “inor atzean utziko, are bereziago, zailtasun gehien izan ditzaketen ikasleak. Horregatik, Fundacion Vital Fundazioa entitatearen lankidetza eskertzen dugu, zeinarekin hainbat hamarkada daramatzagun elkarlanean”.

Bestetik, Arantxa Ibañez de Opacuak ere hartu zuen hitza, eta bere txandan gogoratu zuen aspalditik datorrela Egibideren eta Vital Fundazioaren arteko lankidetza, eta “betidanik izan dugu inor atzean geratzea eragozteko asmoa, egoera ekonomiko eskasenak dituzten familiak bereziki”.

Urte askotako harreman horren adibide dira -gogoratu zuen Ibañez de Opakuak gainera-, “gure harrera gelak, oinarrizko Lanbide Heziketari laguntza, Araban LHren Sustapenerako partzuergoari Vital Fundazioak egiten dion ekarpena, Deustuko Unibertsitatearekin 4.0 Industria Digitaleko Unibertsitateko Gradurako diru-laguntzak, edo instalazioen eta ekipamenduen finantzazioa, esaterako”.