uskal Herriko Unibertsitateko talde batek Gerra Zibilaren aztarnak ikertuko ditu Gorbeiako Parke Naturalaren bihotzean. Hala aurreratu zuen atzo unibertsitateak berak prentsa ohar baten bidez. Uztailaren 27an Oketa mendiaren gailurrean 3 zundaketa arkeologikoen indusketa hasi ziren, Zigoitiako udalerrian, eta Burbonan (Zuian) abuztuan hasiko dira lan egiten.

Izan ere, Oketan, 1936 eta 1937 artean, Euzkadiko Gudarostearen borrokalariek egindako hainbat eraikinen aztarnak kontserbatzen dira. "Zig-zag formako lubakiak, tiro-postu aurreratuak, babeslekuak eta hainbat harrizko etxola dira mendiaren gailurrean dauden elementuak", aurreratu zuen gainera.

Uztailaren 27tik abuztuaren 10era garatuko diren indusketa arkeologiko hauek covid-19aren pandemiaz baldintzatuta gauzatuko direla ere gogoratu zuen unibertsitateak. Zentzu horretan, hasiera batean, eskala handiagoko proiektua aurreikusi egin zuten, UPV-EHUko ikasle ugarien partaidetzarekin, baina, azkenik, proiektua eskala txikiagoan, talde mugatuago batekin eta osasun neurri zorrotzekin landu behar izango dela azpimarratu zuten.

"Dena den, momentuan momentuko osasun baldintzek hala ahalbidetuko balute, bisita gidatu txikiak egiteko aukera zabalduko da. Horrela, ikerketa talde honek Gasteizko Katedral Zaharrean hamarkada luzez izan duen leloa praktikatzen jarraitzea posible izango da: Lanean eta irekita".

Lan hauen koordinatzailea Josu Santamarina arkeologoa izaten ari da, eta hala deskribatzen du lehenengo eremua: "Oketa mendiaren gailurrean, 1.000 metro baino gehiagoko altueran, hamar etxola inguru kontserbatzen dira gaur egun. Eraikin hauek Oketako harearriz eginda daude, inguruan mende luzez preziatua izan den materialaz alegia. Iparrari begira daude eta, beraz, euskal gudari eta milizianoentzat babesleku traketsa izan beharko zuten 1936tik 1937rako neguan zehar".