- Ostiralean 17 kasu positibo berri erregistratu ziren Araban, aurreko egunean baino lau gehiago. Egun horretan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua den Nekane Murgak Ser Irratian izandako elkarrizketan, "birusaren bigarren bolada bat izan daitekeenaren hasieran gaudela" adierazi zuen, eta hala izan daiteke. Izan ere, berriz ere Euskal Herriak ehun kasu baino gehiago izan ditu egun batean.

Ostiralean, zehazki, 4.206 PCR proba egin ziren, eta, haietatik, 123 positiboak izan ziren. Gehiengoa, berriz ere Bizkaian eta Gipuzkoan eman dira, 66 eta 40 hurrenez hurren. Bestelako datuei dagokionez, Osasun sailak aurreratu zuen atzo ospitaleratzeak, udalerrietako kasuak eta R0 indizea astelehenean eguneratuko dituela. Hala ere, eta aurreko egunekin alderatuz, Araban eta Gipuzkoan datuek berriz ere gora egin dutela adierazten dute -ostegunean 12 eta 35 erregistratu baitziren hurrenez hurren-, eta Bizkaian, berriz, behera. Izan ere, azken honetan, ostegunean 86 kasu berriak izan ziren erregistratutakoak.

Bestalde, dezenaka pertsona batu ziren atzo goizean adinekoen eskubideen alde. Adierazi zutenez, Virgen Blancan kontzentratu zirenek zahar-egoitzetan eman diren aldaketak salatzeko egin zuten. Izan ere, kasu berriei aurre egiteko hartu diren neurriekin ez daude ados, irteerak debekatu direlako eta bisitak senide batera murriztu direlako. Horregatik, "adinekoen isolatzearen aurkako" kontzentrazio hau antolatu zuten egoitzen erabiltzaileen senideek.