- EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza eta Equo- Berdeak-ek, justizia eta erreparazioa eskatuko dute berriro Gasteizen, 1936ko Estatu kolpe frankistaren 84. urteurrenean.

Laugarren urtez jarraian, alderdi politikoek omenaldia eta elkarretaratzea egingo dute Arabako hiriburuan, alde batetik, "zigorgabetasuna salatzeko eta, bestetik, guztiontzako etorkizun hobe baten eraikuntza bultzatzeko, Araba bidezkoagoa, jasangarriagoa, solidarioagoa, askotarikoagoa eta feministagoa izan dadin, ultraeskuinaren gorakadari begira", adierazi dute. Lau taldeek elkarretaratzea egingo dute bihar 20:00etan Katedral Berrian, "Iragana Gogoan. Araba Berria eraiki" lemapean. Elkarretaratze horretan, EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza eta Equo-Berdeak-eko ordezkariek manifestu bateratua irakurriko dute.

Prentsa ohar baten bidez helarazi dutenez, "laugarren aldiz jarraian, gerrari eta diktadura frankistari buruzko egia argitzeari garrantzia emango diogu, lehen eta bigarren mailako biktimen kategorizazioa baztertuko duen memoria duen herri bat eraikitzeari, justizia eskatzeari, biktima guztientzako erreparazioa bermatzeari eta ez errepikatzeko bermeak ezartzearekin batera". Hala, diotenez, Estatu kolpe frankistatik 84 urte igaro direnean, EH Bildu-k, Ahal Dugu-Podemos-ek, Ezker Anitza-IU-k eta Equo-Berdeak-ek errepublikanoen balioak berretsi nahi dituzte, ezberdinen arteko lankidetzaren eta herritarren bultzadaren ondorioz sortutakoak. "Egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak izateko eskubideaz gain, aldarrikatzen dugu eskola-curriculumean sartzea II. Errepublikari eta lehen Eusko Jaurlaritzari buruzko egia historikoa, estatu-kolpea, diktadura frankistaren errepresioa eta trantsizioa, bai eta estatu-kolpearen eta diktaduraren aurka borrokatu zirenen balioak eta konpromiso militantea ere, datozen belaunaldiek gure gizartearen historia ezagutu dezaten, nahi dutenengandik defendatzeko, Behin eta berriz, herriaren askatasun eta demokrazia nahiak azpiratu", gaineratu dute.

Dagoen pandemia mundiala dela eta, "ondorioak betikoek ordaintzea" ezindutela onartu azpimarratu dute lau indar politikoek. Ildo beretik, "pandemiak eragin duen kostu ekonomiko eta gizatiarrak jendearen zerbitzura dauden politika publikoak eskatzen ditu, eta ez negozioarenak.Kalitatezko osasun publikoa behar dugu, industria-subiranotasuna eta klima-aldaketaren aurkako borroka berreskuratzeko neurriak, deslokalizazioa lehengoratzea eta kalitatezko enplegua berreskuratzea, genero-diskriminaziorik gabe".