- Igandean, 26 urteko gidari bat atxilotu zuten Oto hiribidean zirkulazio-istripu bat jasan ostean. Berarekin zihoan bidaidea, 25 urtekoa, eta zebra-bidea gurutzatzen ari ziren 57 urteko bi pertsona zauritu zirela adierazi zuen Udaltzaingoak. Istripua jasan zuen autoak semaforo baten kontra egin zuen talka eta semaforoaren inpaktua jaso zuten bi oinezkoek. “Gainera, aparkatuta zegoen ibilgailu batean ere kalteak eragin zituen kolpeak”, erantsi zuen. Udaltzaingoaren atestatuaren arabera, “ausarkeriaz gidatzen ari zen gidariak positibo eman zuen kalamu eta kokainan, eta baimendutako alkohol-tasa bikoiztu zuen gainera”. Ertzaintzaren patruila batek gidaria atxilotu eta Agirrelandako polizia-etxera eraman zuen. Han, Udaltzaingoa arduratu zen izapideez, eta, zaurituak Santiago ospitalera eraman zituzten.

Bestalde, igandean ere, udaltzainek 21 urteko gazte bat atxilotu zuten etxean indarrez sartzearen eta desobedientzia larriaren delitu banaren ustezko egilea izateagatik. “Margarita herrian gertatu zen guztia, gaztea hainbat urtez abegi eginda izan zuen familiaren etxebizitzan sartu zenean. Jabeak logela batean topatu zuen, hozkailutik janaria eta dirua lapurtu ostean”, azaldu zuten prentsa oharrean. Ondorioz, atxilotu eta epailearen esku geratu zen.

Egun horretan ere, udaltzainek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten legez kontrako atxiloketa-delituaren ustezko egilea izateagatik. “9.15 inguruan, 092ra egindako dei batek Zamakera pasealekuko etxebizitza batean emakume bat laguntza eskatzen ari zela ohartarazi zuen”. Bertaratu zen patruilak bi emakumerekin elkarrizketatu zen eta, itxuraz, alokairu bat zela eta eztabaida izan zutela ondorioztatu zuen. Haietako baten bikotekideak bi emakumeak banandu eta biktima logela barrura bultzatu zuen. Han, giltzarrapo batekin itxi eta atea haustea lortu zuen arte bertatik ateratzea eragotzi zion. Emandako deskribapenari esker, beste patruila batek gizonezkoa etxebizitza inguruan topatu eta atxilotu egin zuen. Handik ordu batzuetara, hau utzi zuten aske. Horretaz gain, ostiralean errekisitoria judiziala zuen 19 urteko gazte bat atxilotu zuten udaltzainek bizikleta eta patinete elektriko bana lapurtu izanagatik.Gainera, suhiltzaileak Aramaiora joan ziren igandean, A-2620an erabat kiskalita geratu zen ibilgailu bateko sua itzaltzen saiatzera, eta larunbatean garbiketa-zerbitzuko ibilgailu bateko karga itzali behar izan zuten Lakua-Arriagan.