- Azken orduetako zenbaketan 31 koronabirus positibo berri zenbatu dituzte, Nekane Murga Osasun sailburuak atzo azaldu zuenez. Horietatik, bost Araban, zortzi Bizkaian eta 18 Gipuzkoan, hain zuzen ere.

Guztira, azken orduetako positibo berri horiekin, 200 pertsona inguru daude isolatuta Euskadin, koronabirusak jota. Hala, Osasun sailburuak azpimarratu zuenez, pertsona horiek ezin dira euren isolamendu eremutik atera, ezta datorren igandean botoa ematera joateko ere. PCR proba egiteko deituak izan diren pertsonak ere ezingo dira bozkatzera joan emaitza lortu eta negatiboa direla jakin arte. Emaitzak zortzi ordu igaro ondoren lortzen dira. Bestalde, beste 500 pertsona inguru jarraipena eta isolamendua egiten ari dira, gaixoekin harreman estua izan dutelako. Zorionez, berriro ere, azken zenbaketan ez da hildakorik izan eta sei dira zainketa intentsiboetako unitatean dauden gaixoak.

Ildo beretik jarraituz, Murgak jakitera eman zuenez, ezagutzen diren kasu gehienak sintomarik gabekoak dira, eta detektatu dira egindako PCR probei esker. Izan ere, Osakidetzak sintomarik gabeko pertsonen bila jarraitzen du etengabe; egunero milaka PRC probak eginez. Hala, ostegunean 3.966 proba egin ziren guztira (3.448 PCR eta 518 test azkar). Horietatik, test azkarren ondorioz atzemandako 43 kasu daude. Gogorarazi behar da proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen dituela, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezaketela. Gainera, covid gabeko 27 pertsona erregistratu ziren -PCR negatiboa dutenak gaixotasuna hartu ondoren- eta zazpi lagunek jaso zuten ospitaleko alta. "Ordizian gertatutakoa Euskadiko edozein lekutan gerta daiteke. Gizarte heldu bat izan behar dugu, eta guztiok barneratuta eduki behar dugu hau eten behar dugula. Maskara erabiltzea ez da kapritxo bat", helarazi zuen Murgak. Aldi berean, gogoratu zuen maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela bi metroko segurtasun-distantzia gorde ezin denean eta maskarak bizitzak salba ditzakela.

Araban gertatutako kasuen jatorriari dagokionez (joan den asteartean 8 gaixo berri erregistratu ziren eta asteazkenean, ordea, bederatzi), sailburuak esan zuen ia guztiak familia loturen ondorio direla: "Gasteizen azken hiru egunetako kasuak identifikatu ditugu eta familiakoa da batez ere dagoen kontaktua". Hala ere, Gasteizko gimnasio batean erabiltzaileetako batek koronabirusean positibo eman zuela onartu zuen. Hori dela eta, Osakidetza gaixo horren gertuko pertsonak bilatzen ari da, PCR proba ahalik eta lasterren egin ahal izateko: "Gimnasio batean positibo eman du bertako erabiltzaile batek eta bertako egoera baloratzen ari gara. Oraingoz, lokal horretan ez dago transmisio komunitariorik", esan zuen. Hala ere, Osakidetza dagoeneko hasi da probak egiten gimnasio bera erabili zuten 30 pertsona ingururi. Oraingoz, gimnasio bereko kontaktuei egindako testek negatibo eman dute.

Gainera, Ordizian (Gipuzkoa) ere gora egiten ari dira kasuak: 18 Gipuzkoan eta horietatik hamaika Ordizian. Agerraldi horrek 69 pertsona kutsatuta utzi ditu dagoeneko -aurreko egunean baino 11 gehiago-, eta oraingo honetan batez ere gazteak kolpatzen ditu; izan ere, foku horri lotutako positiboen batez besteko adina 32 urtekoa dela jakinarazi zuen Osasun sailburuak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak covid-19ari aurre egiteko osasun-lankidetzak jardungo du Perun, Medicos sin fronteras erakundearekin lankidetzan. Murgak azaldu zuenez, ostegunean bertan abiatu zen Euskaditik lehen osasun-taldea. Taldea 6 pertsonak eratzen dute (Osakidetzako 5 eta Aragoiko Osasun zerbitzuko 1), Covid-19aren kasuen maneiu klinikoan esperientzia zuzena dutenak, osasun-materialarekin; alegia, arnasgailu, aireztapen mekaniko ez-inbaditzailerako ekipo, fluxu handiko ekipo, monitore, medikamentu eta NBEekin. Egun batzuk geroago, euskal osasun-taldea beste 8 pertsona gehiagok osatuko dute.

"Esku-hartze solidario horren helburu nagusia da Covid-19aren ondoriozko infekzioagatik heriotza-tasa eta gaixotze-tasa murrizten lagundu ahal izatea, bereziki San Martín eta Loreto departamentuetan, Perun", nabarmendu zuen Murgak.

Lankidetza. Eusko Jaurlaritzak Covid-19ari aurre egiteko Osasun-lankidetzan jardungo du Perun, Medicos sin fronteras erakundearekin lankidetzan.

Taldea. Asteazkenean abiatu zen Euskaditik lehen osasun-taldea. Taldea 6 pertsonak eratzen dute (Osakidetzako 5 eta Aragoiko Osasun zerbitzuko 1), Covid-19aren kasuen maneiu klinikoan esperientzia zuzena dutenak, osasun- materialarekin; alegia, arnasgailu, aireztapen mekaniko ez-inbaditzailerako ekipo, fluxu handiko ekipo, monitore, medikamentu eta NBEekin. Egun batzuk barru, euskal osasun-taldea beste 8 pertsona gehiagok osatuko dute.

Helburuak. Helburu zehatzak honako hauek dira, besteak beste: Esku hartzeko guneetan transmisioa maila komunitarioan eteten laguntzea; paziente kritikoen arreta sendotzea, zehazki ZIUn, ospitale identifikatuetan; paziente eta tratamendu- protokoloen zirkuituak zehazten laguntzea, Peruko Osasun Ministerioko osasun-egiturei atxikitako langileekin elkarlanean.