onfinamenduak desberdin eragin die gizonei eta emakumeei. Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologiako katedradun Jon Irazustak eta Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Jarduera Fisikoko eta Kirol Zien-tzietako irakasle titular Ara Royok Unibertsitate-ikasleen jarduera fisikoa COVID-19ak eragindako itxialdian, eta osasunarekin duen lotura izeneko ikerlana aurkeztu dute Kirol Kontseilu Gorenaren egoitzan. UPV/EHUko AgeingOn ikertaldeak gidatu du azterlana, eta EXERNET Ariketa Fisikoaren Sarearen barruan gauzatu dute.

"Ikerketak hiru funtsezko alderdi izan ditu: unibertsitate-ikasleen jarduera fisikoa deskribatzea konfinamenduaren aurretik eta ondoren; jarduera fisikoko ohiturak alderatzea gizonen eta emakumeen artean eta, azkenik, unibertsitate-ikasleek baliatutako motibazioak eta erremintak identifikatzea. Ikerlanean, Espainiako 16 unibertsitatetako 14.000 ikasle inguruk parte hartu dute", adierazi zuten atzo EHUtik.

"Lan horretatik ateratako ondorioen arabera, nabarmen murriztu da ikasleek oinez ematen duten denbora: batez beste, %84. Aldiz, ariketa bizia eta moderatua gehiago jaitsi da gizonetan emakumeetan baino (ariketa bizia, %32 eta %9, hurrenez hurren; moderatua, berriz, %39 eta %25). Bestalde, oso nabarmen ugaritu dira sedentarismo-orduak, batez ere aisialdian pantailak erabiltzearen ondorioz", erantsi zuten.

"Azterlan hau nazioartean orain arte egin gabeko ikerlan bat da, bai ziurgabetasun-aldi honetan unibertsitate-ikasleek dituzten ezaugarri eta egoeragatik, bai konfinamenduaren baldintzak gogorragoak izan direlako Espainiako Estatuan munduko beste herrialde gehienetan baino, jarduera fisikoari dagokionez", adierazi du Jon Irazustak, AgeingOn taldeko ikerlari nagusiak eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko katedradunak.

"Azterlanaren emaitzei esker, estrategiak diseinatu ahal izango ditugu, unibertsitate-ikasleak jarduera fisikoko ohituretara bueltatu ahal daitezen itxialdiaren ondoren. Hala, neurriak hartu ahal izango dira etorkizunean antzeko egoerak gertatuz gero, eta aldi horretan izandako efektu kaltegarriak arindu ahalko dira", erantsi du Jon Irazustak prentsa ohar batean.