3

Azken orduetan hiru kasu positibo atzeman dituzte Araban.

3

Bizkaian ere hiru pertsonak eman dute positibo PCR proban.

6

Jaurlaritzak koronabirusaren “agerraldi posible” bat ikertzen ari da Orion, sei kasu berrirekin.

- Azken orduetan koronabirusak eragindako positiboak berriro ere gora egin dute. Guztira, zazpi positibo berri zenbatu dituzte Euskadin, horietako hiru Araban. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila koronabirusaren “agerraldi posible” bat ikertzen ari da Orion, (Gipuzkoan), azken hiru egunetan sei pertsonak eman dutelako positibo PCR proban; hiru larunbatean, bi igandean, eta azkena atzo.

Osakidetzak atzo eskeinitako datuen arabera, beste zazpi lagunek eman dute positibo Euskadin: hiru Araban, beste hiru Bizkaian eta bat Orion, Gipuzkoan. Gainera, atzo hildako baten berri eman zuen Eusko Jaurlaritzak. “Heriotzen datuak azken 60 egunetan PCR positiboa izan duten pertsonei dagozkie. Beraz, ez dute zertan izan zuzenean Covid-19 bidez hil diren pertsonak”, adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar baten bidez.

Azken egunetako datuekin alderatuz, badirudi eguneko hildakoen kopurua egonkortzea lortu dela; izan ere, Euskadik bi egun zeramatzan zero hildako erregistratzen. Hala ere, egunean kutsatutakoen kopuruak aurreko asteetakoaren antzekoa izaten jarraitzen du; Txagorritxu eta Basurtuko ospitalean kontrolatutako agerraldiaren ondoren, Gipuzkoan beste agerraldi posible bat ikertzen ari dira, Orion hain zuzen. Horren harira, lasaitasun mezua helarazi die Orioko herritarrei, azken egunetan kasuak pilatu baitira bertan. Dagoeneko 50 PCR inguru egin dituzte kontaktuen azterketaren barruan, eta azken emaitzak negatiboak izan dira. Osasun Sailak gezurtatu egin du kutsatzeak merkataritza jarduera bati lotuta daudela.

Ildo beretik jarraituz, Osakidetzak PCR proben garrantzia azpimarratu du. Zehazki, datuekin jarraituz, zazpi positibo berriak PCR probei esker detektatu dira, eta bat ere ez test azkarren bidez. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete. Sendatutako kopuruari dagokionez, zortzi lagun sendatu dira dagoeneko EAEn, koronabirus probetan negatibo eman ostean. Bik ospitaleko alta jaso zuten atzo eta, alde negatiboari begira, edizio hau ixtean, hamar pertsona zainketa intentsiboetako unitatean jarraitzen zuten.

Pertsonen arteko segurtasun-distantziak bizitzak salba ditzakeela gogorarazten jarraitzen du Munduko Osasun Erakundeak. Izan ere, erakunde honek dio hori dela tresnarik eraginkorrena koronabirusaren hedapena geldiarazteko. Gainera, garrantzitsua da eskuak garbitzea eta espazio publikoetan maskarak erabiltzea. Herritar guztien eskura dauden baliabide horiez gain, herritarrei PRC probak egiten jarraitzen du Osakidetzak. Ausaz aukeratutako herritarrak izaten dira normalean. Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi duenez, normaltasun berri honetan Osasun Sailak eta Osakidetzak “erne jarraitzen dute, kasuak arakatzeko,detektatzeko eta isolatzeko”. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak sintomarik gabeko gaixo posibleak aurkitzeko probak egiten jarraitzen du; igandean zehar 1.492 proba egin ziren (1.471 PCR eta 21 test azkar) eta proba horiei esker zazpi positibo berriak antzeman ziren. Guztira, 250.000 PCR baino gehiago egin dira Euskadin, eta 127.601 test azkar herritarrei, pandemia hasi zenetik. Koronabirusak eragindako heriotzen kopurua 1.604 da, eta kutsatuena 20.672, epidemia hasi zenetik.