- Etxebizitza Sailak alokairu babestuko lehenengo etxebizitzak esleituko ditu kupoen sistemaren bidez. Babes ofizialeko 42 etxebizitza izango dira Zabalgana auzoan, eta guztira 300 Euskadin. Formula horrek orain arte erabilitako baremazio-sistema ordezten du. Helburua da saihestea premia ekonomiko eta sozialeko irizpideak soilik aplikatzeak bazterkeria edo gizarte-bazterketako egoerak eragin ditzaketela etxebizitza publikoen sustapen berrietan.

Helburu horri lotuz, dekretuak gehienezko kupo batzuk ezarri zituen askotariko kolektiboentzat, bertan lehenetsiz 36 urtez beheko pertsonak, gizarte-integrazioa bultzatzeko, eta alokairu publikoko eraikinetako egoiliarren profila Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte- osotasunaren albait antzekoena izatea, 2015eko Etxebizitzaren Legean zehazten den helburuarekin bat etorriz. Hauek dira sustapenak: gizarte-alokairuko 20 etxebizitza (horietako bi egokituak) Bilboko Uretamendi auzoan; 12 gizarte-alokairuko etxebizitza Bilbon ere, Txurdinagan; BOE alokairuko 52 etxebizitza Sestao (Galindo ibarrean): BOE alokairuko 32 etxebizitza (horietako 2 egokituak) Santurtzin (San Juan del Rompeolas); gizarte-alokairuko 84 etxebizitza (horietako 4 egokituak) Ortuellan (Peñota auzoan); eta 58 zuzkidura-bizitoki (horietako 2 egokituak) Santurtzin (San Juan del Rompeolas). Bestetik, Vitoria-Gasteizko sustapena BOE alokairuko 42 etxebizitzak osatzen dute, Zabalgana auzoan.

"Sustapen bakoitzerako kupoak etxebizitzen ezaugarrien eta udalerri bakoitzerako eskariaren profilaren arabera ezarri dira, dekretuan ezarritako ehunekoekin bat etorriz. 300 etxebizitzen %34 36 urtez beheko titularra duten familia-unitateei adjudikatuko zaizkie; %28 premia bereziko kolektiboei; % 18 etxebizitza eskuratzeko gizarte-eskubidea (EES) aitortua duten pertsonei, eta gainerako % 19a kupo orokorrean dauden pertsonei", azaldu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak.

Joan den abenduan onartutako dekretuan zehaztutako irizpideetan, inspirazio-iturritzat Etxebizitza Legeko filosofia hartzeaz gain, Sailak eta Alokabidek alokairuko parke publikoaren kudeaketan duten esperientzia biltzen da, baita udalen gomendioak ere.

"Bizitegi-guneen dibertsitatea, integrazioa eta gizarte-kohesioa ere Etxebizitza Legearen funtsezko helburuak dira", adierazi zuen orduan Iñaki Arriola sailburuak. "Eta alokairuko auzotarren komunitate bakoitza Euskadiko gizarte-osotasunaren albait antzekoena izatea nahi dugu, eta legearen aplikazio mekaniko batek eremu bananduak sortzeko modurik ez ematea". Kupo bakoitzean, hura osatzen dutenen lehentasuna diru-sarreren, familia-beharrizanen eta Etxebideko erregistroko antzinatasunaren arabera ezarriko da, arauz hala ezarrita baitago.