- Arabako ehorztetxeak atsedenik gabe aritu dira lanean koronabirusaren pandemian. Izan ere, Albia ehorztetxeko Gorka Mendazak, Euskal Herriko Ipar Eremuko, Burgosko, Nafarroako, Kantabriako eta Aragoiko Lurralde zuzendariak, bertako langileentzat ere estresagarria izan dela adierazi du. Bere esanetan, gogorrena ez da lan-bolumena izan, senideentzako metodologia aldatu behar izatea baizik; beilatokietan ezin izan dituzte hiru senide baino gehiago utzi hildako bakoitzeko, baina haiek lanerako metodologia egokitu dute eta agurrak eskaini dituzte streaming bitartez. Horren harira, arduradunak esan du Gasteizko familiek erantzukizun "eredugarria" erakutsi dutela eta Errege Dekretuak ezarritako arauak errespetatu dituztela uneoro, nahiz eta ez den inorentzat erraza izan. Orain, pixkanaka-pixkanaka, normaltasunera itzultzen hasi dira, hiru hilabete baino gehiagoz estresa eta ezohiko egoera bizi ondoren.

Ehorztetxeetan noiz hasi zen nabaritzen koronabirusaren inpaktua eta beren ondorioak?

-Hasiera-hasieratik hasi ziren koronabirusaren ondorioak gure lanean nabaritzen. Hori dela eta, neurriak hartu genituen eta gure protokoloak egokitu genituen, osasun-agintarien jarraibideak kontuan hartuta.

Noiz egin zenuten protokoloaren aldaketa hori?

-Espainian koronabirusak eragindako lehen infekzio-kasuak baieztatu ondoren, eta Espainia birus berri horren arrisku-eremuen artean egon aurretik, barne-protokolo bat jarri genuen abian, Albiako langile guztien lasaitasuna, segurtasuna eta ongizate orokorra bermatzeko, eta, horrekin batera, familiena. Jarraian, beste protokolo espezifiko bat sortu genuen, hildakoei arreta berezia emateko eta gure lana osasun-agintarien jarraibideen arabera egiteko: jasotzeko jarraibideak, tarteko lekualdaketa, azken lekualdaketa eta familiei ahalik eta jarduketa onenarekin erantzuteko beharrezkoak diren prozedura guztiak kontuan hartuta.

?Nola bizi izan duzue egoera berri hau?

-Familia guztiekiko erantzukizunez eta errespetuz bizi izan dugu, haiek baitira egoera horren benetako biktimak, kontuan hartuta, gainera, gehienek ezin izan dietela azke agurra eman hildako senideei.

Zer izan da zailena?

-Bizi dugun egoera oso konplexua da. Hildakoen kopurua oso handia izan da eta, ondorioz, gizartearentzat funtsezko zerbitzua ematen jarraitzeko beharrezko neurrietara egokitu behar izan dugu, sistema soziosanitarioaren oinarrizko maila gisa, batez ere une honetan. Gogorrena ohi dugun moduan ezin laguntzea izan da. Zaila izan da zeremonia eta beilatokiak ezin eskaintzea. Pandemiak bizitza asko eraman ditu oso azkar eta hori oso gogorra izan da.

Egun hauetan mugak ere jarri behar izan dizkiezue senideei. Zaila izan da?

-Bai, nahiko zaila izan da. Emozioak kudeatu behar izatea ez da lan erraza. Hala eta guztiz ere, Arabako familiek erakutsi duten gizalegea eta erantzukizunaren zentzua azpimarratu behar ditut.

Familiek ondo hartzen zuten ezin zutela hiru kideko muga gainditu?

-Egun hauetan gehien landutako gaietako bat emozioen kudeaketa eta familien arreta izan da, eta hori bereziki konplexua da bizi dugun egoeran. Lan handia egin dugu familiei kasu horietan nola lagundu jakiteko. Nola esan familia bati ezin diola agur esan maite duen pertsona bati?

Benetan zaila izan behar du, bai.

-Zorionez, familiak oso ulerkorrak izan dira bizi dugun testuinguruarekin eta egoera onartu dute. Familiei laguntza emozionala emateko egiten dugun lana betez, gure laguntza osoa eskaintzen saiatzen gara, maite ditugunei agur esan diezaieten eta haien mina beste pertsona batzuekin partekatu dezaten. Horrela, une latz hauetan laguntzeko aukerak eskaintzen saiatzen gara: streaming bidezko emanaldiak edo bideokonferentzia bidezko zeremoniak, errausketa edo ehorzketa gertatzen den unean kutxetan utzi nahi dituzten argazkiak edo idatziak, ahal den neurrian lasaitasuna ematen saiatzen gara.

Orain PosCovid agurra-zerbitzua ezarri duzue. Zertan datza?

-Bai, PosCovid agurra-zerbitzu bat ezarri dugu, lehenago ospatu ezin izan ziren pertsonen hilketak omentzeko. Hileta-zentro batzuk ospakizun bereziak programatzen ari dira jada, deseskaladaren hurrengo faseetara aurreratzeko murrizketak kendu bezain laster, Covid-19aren pandemian hildakoen senitartekoek agurra tradizionalak egin ahal izan ditzaten.

Zenbat hildakoen kopurua jaso dituzue egun berean?

-Bistan denez, lan bolumen handiago izan da, beste garai batzuekin konparatuz. Hala ere, gehien kezkatzen gintuena ez zen hildakoen kopurua senideei laguntza emateko gai izateak baizik.

Baina ehunekotan zenbatean handitu da zuen lan-bolumena?

-Gasteizko kasuan, nabarmen egin du gora; gainerako herrialdeetan baino lehenago egin baitzuen gora birusaren intzidentziak.

Inoiz bizi izan al duzue horrelako egoeraren bat, hainbeste lan-kargarekin?

-Ez, kasu honetan, esperientzia handiagoko langileek edo sektoreko lankideek ez dute gogoratzen antzeko zerbait bizi izan dutenik, batez ere ezezaguna denari aurre egiteagatik eta familiei behar duten bikaintasunarekin ezin laguntzeagatik.

Plantilla handitu behar izan duzue?

-Albiako 250 zentro baino gehiago ditugu herrialde osoan, eta zentro bakarra bagina bezala lan egin dugu. Gure helburua izan da atsedenik gabe lan egitea eskari handiari erantzuteko: alde batetik, plantilla indartu dugu. Bestetitk, boluntarioak joan dira koronabirus kasu gutxien zeuden hirietatik langile gehien behar ziren zentroetara.

Urtean zehar, konplikatuagoak diren hilabeteak dituzue?

-Konplikatuak ez, baina datu objektibo gisa, heriotza gehiago gertatzen dira udazken eta neguko sasoietan, beste hilabete batzuetan baino.

Neguan, gripearekin eta beste gaixotasun batzuekin, orain adina heriotza al daude?

-Ez, data horiek ezin dira alderatu orain gertatu denarekin. Izan ere, goitik behera aldatu da zerbitzua emateko modua. Langileak babestu behar izan ditugu, osasun araudiaren arabera ekipatuta joan, eta, zoritxarrez, ezin izan dira hiru senide baino gehiagoko agurrak ospatu.

Zer ez duzu ahaztuko pandemia honetan bizi izandakoaz?

-Ez dut ahaztuko zein elkartuta lan egin dugun. Harro nago Albiako taldekide guztiez hain egoera zailean erakutsi duten ausardiaz eta profesionaltasunaz. Horrelako egoerei aurre egiteko talde prestatua garela erakutsi dugu.

Zer da gehien eragin dizuna?

-Pandemia honek maila pertsonalean eta profesionalean ere eragin dit. Alde batetik, maila pertsonalean, adineko pertsonak horrela nola hil diren ikusteak zirrara eragin dit. Gaztetan dena eman zuten gizarte hau hobetzeko eta nola hil diren ikusteak hunkitu egiten nau. Maila profesionalean, edozein egoeratan lan egiteko prest gaudela erakutsi dugula uste dut.

Estresa, antsietatea edo insomnioa pairatu duzuen, osasun-langileei gertatzen zaien bezala?

-Errukiagatiko Fatiga bezala ezagutzen dena bizi izan dugu; profesional batzuek minean murgilduta dauden bezero edo pazienteekin lan egitean jasaten duten akidura emozionalaren ondorioz sortzen den sindromea, zeinekin etengabe enpatizatu behar den. Eguneroko lan horrek burnout, desmotibazio eta estres postraumatikoaren antzeko sintomak eragin ditzake.

Sindrome hori sendatzeko, hitz egiten duzue zuen artean min ematen dizuen horretaz?

-Langile guztien arteko komunikazioa funtsezkoa da egoera hau hobeto eraman ahal izateko. Gainera, Albiak zentro guztietako langile guztien eskura jartzen du aholkularitza psikologikoa, beharrezkoa dugunean harremanetan jarri ahal izateko.

Nola bizi duzue egoera egun? Normaltasunera itzultzen ari zarete?

-Lan-maila normaltasunera itzultzen ari dira pixkanaka. Gainera, deseskalatze fase ezberdinekin, familientzako beilatokiak eta hileta zeremoniak ospatu ahal izan ditugu berriro. Orain, 15 lagun bildu daitezke beilatoki batean eta hiletara 25 lagun ere joan daitezke. Familiek eskatzen zuten zerbait da, eta zorte handia da hori eman ahal izatea.

Zenbat orduz jardun dute errausketa-labeek egunean?

-Ezarritako ordutegien arabera lan egin da, baina lan-bolumen handiagoaren arabera ere.

Zenbat errausketa-labe dituzue Gasteizen?

-Bi errausketa-labe ditugu, isuriak murrizteko iragazte-sistema berri bat dutenak (2019. urtea), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren ingurumen-eskakizunaren arabera.

Pandemian ordutegi berezia bete duzue. Zein da zuen ordutegi normala egoera normal batean?

-Egoera normal batean, goizeko 8:00etatik 19:00etara egiten dugu lan,nahiz eta zerbitzu-eskariaren arabera egon.

"Koronabirusaren pandemian zehar egindako lana nahiko zaila izan da. Emozioak kudeatzea beti da zaila guztientzat"

"Zerbitzua emateko modua goitik behera aldatu da. Langileak eta familiak uneoro babestu izan behar ditugu"

"Egindako lanaz nahiko harro gaude nahi izan duten familientzat streaming bidezko agurrak egin ahal izan ditugulako"