- Nigeriako bikote bat atxilotu dute, bere aberkideak prostituitzera behartzea egotzita. Horrela, erakunde kriminal bateko kide izatea leporatzen zaie. Poliziaren arabera, bikote horrek gutxienez duela zazpi urtetik diru kopuru handiak irabazten zituen emakume horien prostituzio behartuaren bidez.

Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak atzo jakitera eman zuenez, joan den asteazkenean egin zituzten atxiloketak Polizia Nazionaleko Atzerritarren eta Mugen Brigada Probintzialeko kideek, Gasteizen. Ikerketa Balentzian hasi zen, emakume batek salaketa jarri eta gero. Biktimaren arabera, gertakaria 2013an izan zen, engainu bidez bere herrialdean harrapatu eta Italiara eraman zutenean. Handik Castelloko etxebizitza batera eraman zuten, beti erakundearen kontrolatzaile baten zaintzapean.

Antza denez, etxebizitza horretan hiru astez egon zen preso, harik eta hiri bereko beste apartamentu batera eraman zuten arte. Biktimak ikertzaileei azaldu zienez, duela astebete atxilotutako emakumea vudú errituarekin heriotza-mehatxuak egiten hasi zitzaion, Castellon bide publikoan prostituzioan ari-tzeari uko egin zionean.

Agenteei azaldu zienez, esplotatzaileak Gasteizera bizitzera joan zirenean haren gaineko kontrola izaten jarraitu zuten, prostituitu zedin, eta aldian-aldian Castellora joaten ziren berak eta beste neska batzuek egoera berean sortzen zuten dirua jasotzera. Bertaratzeko arazoak zituztenean, biktimak berak egiten zituen banku-sarrerak. Azalpen horiek eman eta gero, agenteek lekuko babestu gisa beharrezko babesa eman zioten. Lekuko babestuak prostituzioan jardun zuen bitartean, 50.000 euro eman zizkien bere esplotatzaileei, nahiz eta haiek beste 10.000 euro eskatzen zizkioten. Akusatuak bizi ziren Gasteizko etxebizitza aurkitu ondoren, asteazkenean atxilotu zituzten. 49 urteko gizon bat eta 41 urteko emakume bat dira atxilotuak.