- Koronabirusaren aurka borrokan ari diren osasun arloko profesionalei Asturiasko Printzesa Saria eman diete. Estatuko saririk garrantzitsuenetako bat da. Errekonozimendu hori osasun-langileei eman zaie, pandemia hasi zenetik koronabirusaren aurka zuzenean borrokatzeagatik.

“Osasun-langileek birus-karga handia eta oldarkorra jasan behar izan dute. Baldintzarik gabe lan egin dute, lanaldi luzeekin eta baita material egokirik gabe ere. Herritarren eredu bihurtu dira”, azpimarratu zuten Asturiasko Printzesa Fundaziotik saria ematerakoan.

Hosanna Parra Arabako Erizainen Elkargoko presidentea pozik agertu da eta merezitako saria dela ere berretsi du: “Merezitako saria da. Batez ere erizainentzat, gu baikara pazienteekiko hurbiltasun handiena dugunak. Gure lana osasuna eta gaixotasuna zaintzea, artatzea eta laguntzea da”, adierazi zuen.

Ildo beretik jarraituz, “erizainok meritua daukagu, gure herritarrei material urriekin ere lagundu diegulako. Ez dugu geure buruari probak egiteko aukerarik ere izan, infektatuta ote geunden jakiteko. Hala ere, koordinazioan, arretan eta iraunkortasunean, edozein itxaropen gainditu dugula uste dut. Erantzun ausarta eta konprometitua eman dugu herritar guztiei laguntzeko helburuarekin”, helarazi du.

Horregatik guztiagatik, Arabako Erizainen Elkargoak eskerrak eman dizkie 3.000 erizain arabarri. Hala ere, akatsetatik ikasteak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Horrela, osasun-langile gehiago izatea beharrezkoa dela nabarmendu dute.

“Autonomia bakoitzeko politikariek herrialdean ditugun erizainen ratioak kontuan hartzea espero dugu, Europako batez bestekoa baino %40 gutxiago dugulako. Beharrezko neurriak hartu behar ditugu orain. Langile eta segurtasun gehiago behar dira”.