- Alarma-egoera laster bukatuko dela kontuan hartuta, Arartekoak euskal administrazio publikoei eskatu die jarrai dezatela itxialdian egin dituzten ahaleginak egiten, eta kalean bizi direnek aurrerantzean ere ostatu egokia eta gizarte-arreta izan ditzatela.

Gomendio orokor horretan, Arartekoak gogora ekarri ditu Etxegabeentzako Euskal Estrategian (2018-2021) onartutako konpromisoak eta jasotako gidalerroak. Estrategia hori Eusko Legebiltzarraren agindu bat betetzeko prestatu zen. Gomendio horren bidez bat egin du beste orientabide batzuekin, adibidez, Nazio Batuetako Kontalari Bereziak etxebizitza egokia izateko eskubideaz egin duenarekin, “zeinak, besteak beste, gomendatzen baitu etxegabeei pandemiaren aurretik eta ondoren berma diezaietela ostatua”, adierazi zuten atzo Arartekotik. “Konfinamenduak egiaztatu behar diren egoera jakin batzuetan izan ezik, agerian utzi ditu etxegabeen egoera eta haien eguneroko ahuleziak, oinarrizko premiak ase ez dituztelako eta eskatutako higienea eskuratu ezin dutelako”.

Arartekoak, azkenik, Covid 19aren ondoko gizarteaz hausnartu du, eta estatu sozial eta zuzenbidezkoan talde batzuek pairatzen duten gizarte-desberdintasunaren eta zaurgarritasunaren kontra borrokatzeko dagoen betebeharraz. Duintasunerako eta gizarte-ongizaterako eskubideak aipatu ditu gizarte-jomuga gisa, beharrezko osagaiak baitira gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa lortzeko.