- UPV/EHUren Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak EHU edonondik programaren esparruan sortutako gida hau jarri du unibertsitateko irakasleen esku: Online ebaluazio probetarako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arreta. Programa horrek irakaskuntza ez-presentziala bultzatzen du Covid-19 koronabirusak eragindako pandemiaren ondoriozko konfinamendu aldia mantentzen den bitartean. “Gidak irakasleentzako hainbat aholku praktiko jasotzen ditu, labur, online modalitateko ebaluazio probetan egokitzapenak aplikatzeari buruz. Helburua da unibertsitateko irakasleei jardunbide egokien gako batzuk ematea, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek online azterketetan dituzten beharrei erantzuteko”, azaldu zuten atzo UPV/EHUtik. Ane Amondarain Euskal Herriko Unibertsitateko desgaitasun teknikari arduradunaren hitzetan, “gida hau campus birtualarekin koordinatuta egindako lanaren emaitza izan da, alde batetik, Blackboard Collaboratte plataformaren irisgarritasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko, eta, bestetik, ikasgela birtualak inklusiboak izan daitezen”. Gaur egun, 1.000 irakasle baino gehiago ari dira online azterketetan egokitzapenak egiten eta beharrezkoak diren laguntza neurriak aplikatzen. Ane Amondarainek adierazi duenez, “gure ustez, irakasleak funtsezko piezetako bat dira unibertsitatean desgaitasunak edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen inklusioa arrakastaz lortzeko”. Ikasle horien ezaugarriak askotarikoak eta heterogeneoak dira; beraz, egokitzapenak desberdinak eta espezifikoak dira kasuan kasu. “Ebaluazio probetan galdetegiak erabiltzean, horien konfigurazioa bera funtsezkoa da ebaluazio-proban sarbide oztopoak kentzeko. Ebaluazio probetan ehuneko denbora gehigarria izatea da ikasleek gehien eskatzen duten egokitzapena, baina badira online ebaluazio probetan bestelako baliabideak erabiltzen dituzten ikasleak ere”.