4.634

2020. urtearen lehenengo hiruhilekoan 4.634 kexa jaso ditu Gasteizko Udalaren herritarren postontziak, 2019ko lehenengo hiruhilekoan baino gutxiago. Izan ere, epe horretan 4.781 iradokizun jaso zituen udal zerbitzu honek.

%96

Epe honetan jasotako iradokizun eta eskaeren % 96 inguru itxi dira, beraz, "erantzun maila oso handia da". Gainera, herritarren postontzian egindako kontsulten gai nagusiak garbiketa, berdeguneak, argiteria, etab. izan dira.

%89

Atzo udalak eskaini zituen datuen arabera, hiruhileko honetan ere "handia" izan da 10 egun baino gutxiagoan erantzundako gaien ehunekoa -%89 guztira-: aurreko hiruhilekoan baino puntu bat gehiago, eta iazko portzentaje bera.

010

Atzo Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen saileko zinegotzi ordezkaria den Borja Rodriguezek azaldu zuenez, "Udalak herritar guztiak entzun ditu, eta 010 telefonoan langileek hauek lasaitzen ibili dira egun hauetan".

- Gasteizko Udalaren herritarren postontzian aldaketak egon dira covid-19a hona heldu zenetik. 2020. urtearen lehenengo hiruhilekoan 4.634 kexa jaso ditu, 2019ko lehenengo hiruhilekoan baino gutxiago. Izan ere, epe horretan 4.781 iradokizun jaso zituen udal zerbitzu honek.

Epe honetan, eta krisi hau hasi zenetik, zenbait gaien inguruko erantzun abiadura ere aldatu da; hala nola kultura eta hezkuntza arloetakoak. Izan ere, kulturan argitu gabeko kezkak daude epe horretan eta hezkuntzaren inguruan beste gai batzuekin alderatuz ere gehiago luzatu dira erantzunak. Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen saileko zinegotzi ordezkaria den Borja Rodriguezek atzo telematikoki ospatutako Iradokizun eta Erreklamazio batzorde berezian adierazi zuenez, aldaketa hauek covid-19ak sortutako egoeraren inguruan eman dira. "Izan ere, zalantza guzti hauek jasotzen hasi ginen momentuan, martxoan, ziurtasun gutxi eta ziurgabetasun ugari genituen", argitu zuen, PPko Elisabeth Ochoa de Eribek eta Elkarrekin Gasteiz taldeko Gema Zubiaurrek galdetuta.

Hala ere, eta berak aipatu zuenez, epe honetan jasotako iradokizun eta eskaeren % 96 inguru itxi dira, beraz, "erantzun maila oso handia da". Gainera, herritarren postontzian egindako kontsulten gai nagusiak garbiketa, berdeguneak, argiteria eta bide publikoko kalteak izan dira, ohi bezala; baina kexen kopurua "nabarmen" jaitsi da guztietan aurreko hiruhilekoaren aldean. Garbiketa publikoari eta hondakinen bilketari dagokienez, % 33,6 kexa gutxiago jaso dira. Argiteria publikoarekin lotutakoak ere nabarmen jaitsi dira, % 13 gutxiago izan baitira. Hiriko berdeguneei buruzko iradokizunak ere jaitsi dira 2019ko azken hiruhilekoaren aldean, % 23 zehazki, eta hiri-altzariekin lotutakoak, % 35.

"Gai guzti hauek sortu dute gainera gai kopuru handiena Udalaren herritarren postontzian, baina beste zenbaitek ere hartu dute garrantzia herritarrentzat 2020ko lehen hilabeteetan, esaterako, bide publikoko lanek, zirkulazioak eta trafikoak. Izan ere, gai horiekin lotutako iradokizunak bikoiztu egin dira", azpimarratu zuen Rodriguezek bere hitzaldian.

Gainera, eta nahiz eta egun munduak bizi duen egoerak zailtasunak sortu, "Udaleko sailek azkar erantzuten jarraitzen dute", adierazi zuen ordezkariak. Hiruhileko honetan ere "handia" izan da 10 egun baino gutxiagoan erantzundako gaien ehunekoa -%89 guztira-: aurreko hiruhilekoan baino puntu bat gehiago, eta iazko portzentaje bera. Bereziki garbiketa publikoari buruzko gaiei dagokienez, horiek postontzian sartzen diren mezuen %20 baitira: "Azken sei hilabeteetan hamar egunean baino gutxiagoan erantzun dira kasuen %99a", amaitu zuen.

Rodriguezentzat, postontzi hau herritarren partaidetza zuzenerako tresna "erabilgarria" da, eta jasotako datuen analisiak termometro bat izan daitekeela gainera Gasteizko herritarren beharrak, zalantzak, kexak eta iradokizunak ezagutu ahal izateko. Izan ere, datu guzti hauek irudi bat sor dezakete.

Sare sozialek eta Internetek ere esku-hartze berezia izan dute momentu hauetan. Izan ere, mugikorraren aplikazioak 967 mezu jaso ditu horietako 200 gainera argazkiekin. Hala ere, aurreko hiruhilekoan baino %3 gutxiago jaso dituzte, baina hori konfinamendua dela eta izan daitekeela azaldu zuen zinegotziak. Gainera, datu hau 2019ko lehenengo hiruhilekoarekin alderatuz, %28an egin du gora.

Covid-19ak, azken finean, aldaketa asko ekarri ditu berarekin, eta Rodriguezek atzo azaldu zuen moduan, martxoan konfinamendua heldu zenean, herritarren kezkak ere aldatu ziren, baita komunikatzeko era ere. "Udalak herritar guztiak entzun ditu, eta 010 telefonoan langileek hauek lasaitzen ibili dira egun hauetan. Gainera, bi aste barru uste dut egongo dela prest sail desberdinentzako dokumentu bat herritarrei erantzunak emateko gomendioekin", aurreratu zuen amaitzeko Rodriguezek.