- Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren sailak eskaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 750.000 euroko partida bat onetsi zuen atzo, Gasteizko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei, baita mikroenpresei ere, covid-19aren krisiak eragin dituen gastuak ordaintzen lagundu ahal izateko.

Atzo prentsa-ohar baten bidez adierazi zutenez, laguntza horiek Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planaren bost ardatzetako lehenean jasotzen dira, eta hiriko sektore ekonomikoen eskaera nagusietako bati erantzuten diote hauek. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean aurki daitezke, adibidez, maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala baita instalazioak desinfektatzeko materiala ere; hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak.

Birus honek eragin dituen aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatuko direla aurreratu zuten, baita itxialdian egindako eraldaketa digitalarekin lotutako inbertsioak ere. Zehazki, aurreratu zuten hamar langile baino gutxiago dituzten hiriko enpresa txikientzat egongo direla bideratuta laguntza guzti hauek.

Gainera, eta hala azaldu zutenez ere, deialdia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita aurkeztu ahalko dira eskabideak. Izan ere, pasa den astean lehen alkateordea den Maider Etxebarriak azaldu zuenez, “horrelako prozesuek aurrekontu-aldaketa garrantzitsuetatik eratorritakoak izanik administrazio-bide bati jarraitu behar diote”. Haien hitza betetzen ari direla ere adierazi zuen Etxebarriak. Izan ere, “Gasteizko saltokiek, ostalaritzako establezimenduek eta enpresa txikiek gure sostengua izango dute susperraldian. Ez dugu nahi inor atzean geratzea higiene eta segurtasun aginduak betetzeagatik”.