koronabirusak eragindako alerta mundiala

Euskararen familia-transmisioa lantzen du GEUk Interneten bidez

'Igandeak Jai' egitasmoaren hiru tailer antolatu ditu familian egiteko, Instagramen bidez maiatzaren 27, 28 eta 29an

24.05.2020 | 01:14
Arabako ume askok hartu zuten parte Araba Euskaraz azken festan, pasa den ekainaren 16an Gasteizen. Argazkia: Pilar Barco

gasteiz – Euskararen familia-transmisioa lantzeko eta Gasteizko familia euskaldunen arteko loturak trinkotzeko, Igandean Jai ikuskizunak eta lantegiak online egiten ari da GEU Elkartea, itxialdiak irauten duen bitartean. Ehunka ekimen bertan behera geratu dira Gasteizen covid-19 koronabirusaren hedapena eteteko helburuz, eta konfinamendua bete behar dugu pandemiari aurre egiteko. Horren ondorioz, etxean euskaraz praktikatzeko hainbeste aukera daude, eta online bidezko ekitaldiak zabaltzen ari dira.

Orain arte, haurrei zuzenduriko ikuskizunak eta lantegiak uztartu dira Gasteizen hilero antolatzen ziren bi orduko Igandean Jai emanaldi hauetan. Diziplina desberdinak garatu dira egindako saioetan: antzerkia, ipuin-kontalariak, magia, txotxongiloak, pailazoak € Baina normaltasunera itzuli arte, GEU Elkarteak sare sozialak erabiltzen ditu aste hauetan zehar euskarazko jarduerak eskaintzeko.

Horrela, Igandean Jai saioetan normalean burutzen diren tailerrei ere lekutxoa eskaini nahi diete GEU Elkartearen Instagrameko profilean (@geuelkartea). Hau dela eta, zuzeneko hiru tailer desberdin burutuko dituzte, arratsaldeko 17.00etan, familian egiteko eta gozatzeko. Tailerrak ondorengo egunetan egingo dituzte: datorren maiatzaren 27an Txokolatezko bizkotxoa errezeta egingo dute pausuz-pausu; maiatzaren 28an Paperezko irudiak antolatu dute; eta azkenik, maiatzaren 29an Koloretako gatz potea eskainiko dute. Beharrezkoa izango da sartzea www.instagram.com/geuelkartea Instagrameko profilean tailerrak zuzenean jarraitzeko. Bertan galderak egin ahal izango dituzte familiek. Edozein zalantza sortzen bada, idatzi hurrengo helbidera: aisia@geuelkartea.eus.

2013ko irailean, Igandeak jai. Familia giroan euskaraz egitasmoa antolatzen hasi zen GEU Elkartea. Hasierako lau saioen arrakastaren ostean, 2014an Igandeak Jai egitasmoa urte osoan zehar garatzea erabaki zuten eta guztira 10 saio antolatu ziren. Ordutik aurrera urte osoko egitaraua antolatzen dute. Tailerrek edota jolasek lotura izaten dute ikuskizunarekin, eta bertaratutakoek modu aktiboan parte hartzeko pentsatuta daude. Gainera, guraso euskaldunen parte hartzea eta inplikazioa bultzatzeko dinamikak proposatzen dira. Urtxintxa Eskolako hezitzaileek zuzentzen dituzte egitasmo honetako bigarren orduan jorratzen diren jolas eta tailer hauek.

MAIATZA ETA OLERKIA GEU Elkarteak hainbeste ekintza antolatzen ditu Interneten bidez konfinamendu garaian. Ahaztu gabe maiatza poesiaren hilabetea dela Gasteizen, euskarazko olerkiak sortzea proposatu du GEUk. Sare sozialak euskarazko olerkiekin betetzea da helburua; beraz, jasotakoak elkartearen profiletan elkarbanatuko dituzte.

Idatzi zure olerkia, nahieran, eta gehitu zure izena edo ezizena. Bidali hurrengo email helbidera info@geuelkartea.eus, edo hurrengo zenbakira whattsapp bidez: 688 651161. Edo sare sozial batean publikatu eta GEU Elkartea izendatu: @geu.elkartea Facebooken, @GEUelkartea Twitterren edo @geuelkartea Instagramen.

Mintza saioak. Aurrez aurre elkartzeko aukera ez dugun garai honetan, etxealdian ere mintzapraktika saioak martxan daude mintzalagunek etxetik hitzordua mantendu dezaten, teknologia berriak baliatuz eta Internet bidezko sare handia osatuz. Egoera dela eta aurrez aurreko bilerak eten dira, eta normaltasunera itzuli arte Mintzalagun programa online izatera pasa da (aurten ikasturtea uztailera arte luzatu da). Online bildu nahiko zenuke baina zure taldea ez da elkartzen? Naiz eta dagoeneko online bidez elkartu, bigarren talde batean eman nahi duzu izena? Talde bat bilatzen saiatuko dira antolatzaileak. Harremanetarako: info@gasteizkomintzalaguna.eus / 688 734941.

'Online' biltzeko talde berriak

gasteizko mintzalaguna