- Ekimen berri bat, deseskalatzeko fase honetan saltoki txikiei laguntzen hasteko. Judimendiko Gazte Asanbladak, Gora Judimendi dinamikaren bitartez, auzoko komunitatea saretzea helburu duena, eta Batera zaintza sare herritarrak, atzogoizean ezagutzera eman zuten elkarlanean martxan jarri berri duten "Lokal Lokal(ak)" dinamika. Euren sustatzaileek aurkezpen gutun batean azaldu zuten bezala, "dinamika hau auzoko komertzio txikikiak bultzatzeko sortu da", helarazi zuten. Izan ere, konfinamendu aurreko egoera jada zaila zela adierazi zuten, "eta alarma-egoerak are gehiago ezegonkortu du".

Eragile hauek argitaratutako oharrean, gaur egungo auzoko komertzioen egoera aztertzen da: "Azken hamarkadetan, gure auzoetako dendak ateak ixten joan direla ikusi dugu. Batetik, Judimendin supermerkatu handiak eta Gasteizen multinazionalen dendak ireki izanak, eta bestetik, gure kontsumo-ohiturak aldatu izanak, oso zaila egin dute lokal txiki horien biziraupena", helarazi zuten Judimendiko Gazte Asanbladako kideek.

Ildo beretik jarraituz, ekimen honekin, tokiko denda txikiek irudikatzen duten eredua bultzatzearen alde egiten dute, alde batetik, tokiko eta auzoko ekonomia bultzatu nahi dutelako, eta, bestetik, merkataritza txikia komunitatea sortzeko aktibo bat dela uste dutelako.

Gainera, asanblada horretatik hiriko eta auzoetako saltoki txikietan erostearen garrantzia ere azpimarratu nahi izan zuten, horrela, alarma-egoeraren ondoren, denda asko ixtera behartuta egon ez daitezen. Beraien hitzetan, "lokal lokal(ak) dinamikak deia egiten die Judimendiko bizilagunei bertako komertzioetan kontsumitzeko". Horrez gain, auzokideak, merkatariak eta ostalariak dinamikan parte hartzera gonbidatzen dituzte, lokalokalak.judimendi@gmail.com helbidera idatziz: "Merkataria, tabernaria edo auzoko bizilaguna bazara eta dinamika honen parte izan nahi baduzu edota partekatu nahi duzun ideia edo informazioren bat baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan gure helbidearen bidez", berretsi dute Asanbladatik.

Tokiko denda txikiek irudikatzen duten eredua bultzatzearen alde egiten dute; auzoko ekonomia bultzatu nahi dutelako, eta, merkataritza txikia

komunitatea sortzeko aktibo bat dela uste dutelako.

Auzokideak, merkatariak eta ostalariak dinamikan parte hartzera gonbidatzen dituzte, lokalokalak.judimendi@gmail.com helbidera idatziz.