- Bi egun barru Gasteizko TAO berriro martxan egongo da eta autoa Gasteizko hainbat tokitan aparkatzeagatik berriz ere ordaindu beharko da. Hala ere, RACVNk ez du erabaki hori ondo hartu, eta Gorka Urtaran buru duen Udalari erabakia berriz planteatzeko eskatu dio.

"RACVNk bere desadostasuna agertu nahi du Gasteizko Udalak datorren astelehenean TAOri berrekiteko proposatu duen neurriarekin, eta bere jarrera birplanteatzeko eskatu nahi diogu Udalari", adierazi dute klubetik. Ildo horretan, automobil-klubak uste du alarmaegoera ez dela eten, eta, gainera, kutsatze berriak daudela oraindik ere; beraz, ez litzateke aldatu behar TAOri buruz orain arte Udaletik zuten irizpidea. "Donostian eta Bilbon ez bezala, Gasteizko Udalak jarrera egokia hartu zuen hasiera-hasieratik, TAO kentzea erabaki baitzuen kontenplaziorik gabe, herritarren segurtasuna diru-bilketaren aurretik jarriz. Horregatik, automobil-taldetik harritu egiten gara orain hartutako erabakiarekin", azpimarratu dute bertako kideek eta erantsi ere: "Donostiak eta Bilbok ibilgailu pilaketak saihesteagatik hartu zutela erabakia arrazoitu zuten. Baina gero, atzera egin behar izan zuten, planteamenduaren koherentziarik ezagatik eta gizartearen presioagatik eta atsekabeagatik. Disuasio-kontuari dagokionez, RACVNk gogorarazi nahi du alarma egoeran egonda, autoa erabiltzen duten erabiltzaileek beharragatik erabiltzen dutela. Horregatik, egun hauetan autoa erabili behar duenak berdin egingo du, TAOa martxan egon ala ez, baita TAO horrek tarifen prezioak bikoiztuko balitu ere".

Gainera, klub honetatik adierazi dutenez, aparkalekua ordaintzeko makinak erabiltzea ez da seguruena egun hauetan, koronabirusa hirian zehar hedatzen jarraitzen duen bitartean. Beraien hitzetan, "nahiz eta Udalak mugikorraren aplikaziora jotzea gomendatzen duen eta tiketa lortzeko parkimetroak ez erabiltzea gomendatzen duen, egia esan, jende guztiak ez daki erabiltzen. Beraz, erabiltzaile askok parkimetroak erabili beharko dituzte eta botoiak manipulatuz tiketa lortu beharko dute; horrela, parkimetroak koronabirusaz kutsatzeko iturri bihur litezke".

"Gainera, aparkatzeko sistemaren ondorioz, erabiltzaile asko kalera atera beharko dira ibilgailua mugitzera eta berriro ordaintzera. Errege Dekretuak ez ditu ekintza horiek kalera ateratzeko justifikazio gisa jasotzen ", azpimarratu dute.