- Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak beste ekimen bat sortu du alarma egoerak ekarritako itxialdia eramaten laguntzeko. Gure historia etxean izenburuaren pean, "Arabako hiriburuak denboran zehar izandako bilakaera erakusten duten hiru bideo jarri dira herritarren eskura", azaldu zuten atzo Udaletxetik. Programa berri hau, Gasteiz Hiri Hezitzailea programaren barruko proposamena da.

Erdi Aroko Gasteiz lanak hiriaren jatorria eta Erdi Aroan izandako bilakaera erakusten ditu; Gasteiz neoklasikoa bideoak, berriz, garai neoklasikoak hirian utzitako aztarnak aztertzen ditu, eta hainbat leku enblematikori buruzko xehetasunak ematen: Aihotz plaza, Arkupeak, Espainia plaza eta Aldundiaren jauregia. Hirugarren bideo bat ere badago, eta bertan, Gasteizko Zabalgunea izenburupean, hiria harresitik haratago nola hazi zen azaltzen da. Gainera, trena iristeak gasteiztarrentzat izan zuen eragina ere zehaztu du.

"Bideo horiek 12 urtetik gorakoei Gasteizen historia azaltzeko erabili ohi den material didaktikoaren zati bat dira. Koronabirusa dela eta, gasteiztar orori eskaintzen dizkiegu lan horiek, aisialdia bizileku duten hiriaren historia eta kultura ezagutzeko baliatzerik izan dezaten", adierazi zuen atzo Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. Proposamenaren osagarri, kanpaina bat sortu da sare sozialetan, #NuestraHistoriaEnCasa eta #GureHistoriaEtxean traolekin.

Gainera, bideoak bi hizkuntzatan daude eskuragarri, euskaraz eta gaztelaniaz, Arabako eta Gasteizko herritar guztiek hizkuntza oztoporik gabe gozatu ahal izan dezaten: "Bideoak euskaraz nahiz gaztelaniaz eskuratu daitezke, udalaren Youtubeko kanalean, ibilbide historiko-artistikoen erreprodukzio-zerrendan", nabarmendu zuten Udaletik.

Hiru bideoak laburrak dira, baina biziak, denboran zehar bidaiatzea balitz bezala. Ordubete pasatu baino lehen, herritarrek hiria ezagutzeko aukera izango dute, arazorik gabe eta xehetasunekin. Zehazki, lehen bideoak, Erdi Aroko Gasteizek, hamaika minutu inguru irauten du. Gasteiz Neoklasikoak 16 minutu inguruko iraupena du eta Gasteizko Zabalguneak 14 minutu. Ordubete baino gutxiago, hiritar guztiek hiriko xehetasunak, bitxikeriak eta historia modu didaktiko eta errazagoan ikas dezaten.