- "Gaur egungo osasun-pandemiak krisi ekonomiko eta sozial aurreikusezin batera garamatza, eta horrek eragin nabarmena du bai gure herrialdearen ekonomia orokorrean, baita enpresen egungo eta etorkizuneko egoeran ere". Esaldia Arabako Ganberarena da. Izan ere, lurraldeko enpresen benetako egoera ezagutzeko egindako azterlan bat argitaratu berri du. "Egoera sozioekonomikoa etengabe aldatzen ari da. Martxoan jasotako informazioa zabaltzeko asmoz, Arabako Merkataritza Ganberak azterketa bat egin du Arabako enpresa eta profesionalei eragiten dieten alderdi guztiak ikertuz", zehaztu dute ikerketa honen arduradunek. Azterlan honetan 330 enpresaren erantzuna aztertu dute.

Horrela, ikerketa horretatik enpresaburuek beraiek koronabirusaren aurrean duten pertzepzioa eta beldurrak jaso daitezke. Izan ere, Arabako hamar enpresatik seik ez dute datu positiboekin etorkizun hurbila ikusten. Hau da, ikerketaren arabera, %60k uste dute susperraldi ekonomikoa luzea izango dela. Are gehiago, susperraldi ekonomikoa urtebetean edo bi urtetan izango dela erantsi dute. Alde horretatik, sektorerik baikorrenak industria eta logistika dira; ostalaritza eta merkataritza, berriz, parametro ezkorragoetan daude eta susperraldia are motelagoa izango dela uste dute.

Batez beste, Arabako enpresak baikorragoak dira euskal ekonomiari dagokionez beren negozioari dagokionez baino, nahiz eta, oro har, ez den espero biak azkar suspertzea. Pertzepzioa ere zertxobait aldatzen da enpresaren tamainaren arabera. Hala, ikerketaren datuak islatzen dutenez, zenbat eta langile gutxiago izan, orduan eta okerragoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eta erakundearen susperraldi azkarrari buruzko balorazioa. Oro har, euskal ekonomia beraien negozioena baino azkarrago berreskuratuko dela uste dute enpresek nahiz eta susperraldia bietan motela izango dela deitoratu duten.

Funtsezkoak ez diren enpresen nahitaezko itxieraren inpaktuari dagokionez, azterlanak erakusten du itxierak gehiago mindu dituela lehen sektoreko enpresak, beste enpresa batzuk baino, hala nola ostalaritza eta jatetxea, ostatua eta merkataritza, esaterako. Hala ere, "jarduerari berriro ekiteko zailtasun gehien izan dituzten Arabako enpresak eraikuntzaren sektorekoak izan dira. Enpresetan jarduerari berriro ekiteko zailtasunik handiena eskaerarik eza, diruzaintzako zailtasunak eta enpresei eskatutako segurtasun-neurriak ezar-tzearen ondoriozko zailtasunak izan dira", jakinarazi dute ikerketa honetako egileek.

Ildo beretik, "Arabako enpresa gehienek lehiari eutsi dioten arren, enpresen herenak baino gehiagok berea galdu du". Alderdi negatibo horiek ondorioak izango dituzte denbora laburrean eta luzean. Izan ere, Arabako Ganberaren hitzetan, "Arabako enpresen %3,4k eta %4,4k itxi egin beharko dute", gastuak ordaintzeko ezintasuna dela eta.

Era berean, enpresen herenak baino gehiagok arazoak izan dituzte produktuen banaketan. %30 inguruk adierazi dute hornikuntzan arazoak izan dituztela, eta %23.2k stock falta. Gainera, enpresen %19k bezero garrantzitsuenak galdu dituzte krisiaren ondorioz, eta "%12k ondorio hori izan ez badu ere, enpresen %50ek laster bezeroren bat galtzea aurreikusten du". Datu negatibo hauek enpresa guztientzat badira ere, gehien zigortutako sektoreak ostalaritza eta merkataritza-sektoreak dira, besteak beste. "Enpresaren tamaina funtsezko faktorea izaten ari da: Zenbat eta enpresa handiagoa, orduan eta handiagoa bezero berriak erakartzeko gaitasuna, egungoak ez galtzeaz gain. Aldiz, enpresa txikienek galdu dute bezero garrantzitsu gehien".

Tamalez, egoera berri hauek beldurra sortu dute enpresakoen langileen eta nagusien artean. Hala, enpresek aitortu dute beldur direla beraien bezeroek ordaintzeari utziko ote dioten, berankor bihurtuz. Izan ere, hamar enpresatik ia 6k uste dute beraien bezero batzuek ez dituztela fakturak ordainduko eta berankor bihurtuko direla. Kasu honetan, industria-enpresak eta logistikan aritzen direnak dira ezkorrenak zentzu horretan, eta bezeroen %84,4 eta %80, hurrenez hurren, ordainketan atzeratuko direla iragartzen dute.

Lurraldetik igarotzean koronabirusak utzi dituen datu negatiboak eta sentsazio ezkorrak, baita etorkizunari beldurra ere: Etorkizunean, enpresen %58,2k merkatu berriak aztertzea aurreikusten du. Gainera, Arabako enpresen %24k uste du covid-19ren egungo krisiak nolabaiteko aukera ematen diela jarduera orokorrera itzultzen denean. Jardueraren arabera, lehen sektoreko enpresen %36,4k ikusten ditu gehien etorkizuneko aukerak; eraikuntza eta ostatua, berriz, kontrako muturrean daude.

Gainera, eta ikerketarekin buka-tzeko, 50 langiletik gorako enpresen erdiek baino gehiagok aukera berriak ikusten dituzte; 10 langiletik beherako enpresen kasuan, berriz, proportzio hori %18,5era jaisten da, beti ere Arabako Ganberak egindako azterlanaren arabera.

%60

Arabako hamar enpresatik seik beldurrez ikusten dute etorkizuna. Izan ere, %60k uste du susperraldi ekonomikoa motela izango dela, urtebetetik bi urtera bitartekoa.

%19

Enpresen %19k bezero garrantzi-tsuena galdu du, eta beste %50ek etorkizun hurbilean galduko du, ikerketaren arabera.

50

50 langiletik gorako enpresen erdiek baino gehiagok aukera berriak ikusten dituzte; 10 langile baino gutxiagoko enpresetan, berriz, %18,5.