- ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Gasteizko Caser egoitzako langile baten heriotza salatu zuten atzo. Lau zentralek elkarretaratzea deitu zuten atzo Arabako egoitzen atarian, heriotza salatzeko, eta elkartasuna adierazi diete hildakoaren senideei eta lankideei. ELA sindikatuak atzo jakinarazi zuenez, hil zen langilea Caser Residencial Alto del Prado egoitzako unitate soziosanitarioko laguntzaile gisa ari zen lanean. Unitate horrek mendekotasuna duten eta zaintza-behar handiak dituzten pertsonak artatzen ditu. "21 erabiltzaile daude unitate honetan, eta horietatik 20k positibo eman dute Covid-19n, zentral horren arabera; zentro horretan 158 ohe daude, eta horietatik 54 Arabako Aldundikoak dira", azaldu zuten atzo. ELAk dolumina helarazi die hildako laguntzailearen familiari eta lankideei, eta arduraz jokatzeko eta langileen segurtasuna eta babesa bermatzeko eskatu die enpresari eta Arabako Foru Aldundiari, "Gaur egun prebentzio neurriak eta babes ekipoak ez direlako nahikoak". Halaber, langile guztiei testa egitea eskatu du. LABek, halaber, erantzukizuna eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta adinekoen egoitzetan bizi diren "egoera penagarriak" arintzeko plan eraginkor bat egitea eskatu dio, eta, aldi berean, langileen babes eta segurtasun falta salatu du. UGTk gogorarazi du hildakoa zentral horretan afiliatuta zegoela, eta eskerrak eman dizkio "adinekoekin eguneroko lanean izan zuen" ausardiagatik eta konpromisoagatik.