- Konfinamendu egun hauetan gurasoak irakasle bihurtzen ari dira. Hala ere, euskararik ulertzen ez duten gurasoentzat zaila izan daiteke zeregin hori. Iñaki Eizmendi gizarte hezitzailea da eta urteak daramatza euskararen erabileran eragiteko egitasmoan parte hartzen. 2007an Ebete (Euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta tresnak) sortu zuen eta ordutik hona Euskal Herria osoan zehar dabil. Bere hitzetan, gurasoek eskolako lanekin laguntzerakoan erdaraz lagundu diezaiekete: seme-alabek edukiak ondo ulertu eta barneratzen badituzte erdaraz, "euskaraz ere garatu ditzakete".

Zuen helburu nagusietako bat haurren eta gazteen euskararen erabileran eragiteko tresnak garatzea da. Nola?

-Haur eta nerabeak eleanitzak izatera iristea da ikastetxeen eta familien helburuetako bat. Bide horretan euskararen erabilera sustatzea oinarrizkoa da. Gure gizartea euskara ere jakiteak abantaila asko eskaintzen ditu gaur egun: abantaila sozialak, kulturalak€ Baina euskara ondo jakitera iritzi behar dute haur eta nerabeek: euskara ere edozein egoera eta harremanetan eroso aritzeko gai izatera iristea. Euskarak gero eta presentzia handiagoa duen arren, testuinguru gehienetan hizkuntza minorizatua da, eta horrek eragina du euskara bereganatzeko prozesu horretan. Haur eta nerabe gehien gehienek euskaraz ikasten dute baina eskolaz kanpo euskara erabiltzeko ez dute aukera askorik, horren ondorioa da adibidez egoera informaletan beraien artea erdaraz egitea. Euskaraz ikasi arren, erraztasun handiagoa dute eta baliabide gehiago dituzte gaztelaniaz. Hizkuntza bat ondo ikasteko asko erabili behar da, eta hizkuntza bat norberarena egiteko bizipenak behar dira. Norabide horretan lan egiten dugu zuzenean eragina duten eragileekin: gurasoekin, irakasleekin, eskola orduz kanpoko jardueretako hezitzaileekin eta gazteekin. Tresnak eta baliabideak garatzen ditugu eleaniztasunerako eta euskararen jabekuntza eta erabilerarako lagungarri izango zaizkienak.

Zuen helburuetako bat da gurasoei aholkatzea nola bultzatu euskararen erabilera haur eta gazteen artean, nahiz eta euskaraz ez jakin. Egun hauetan, gainera, etxerako lanetan nola lagundu aholkatzen ari zara. Zer aholku ematen diezue?

-Etxerako lanen gaia izaten da euskaraz ez dakiten guraso askoren arduretako bat. Ulertzekoa da kezka hori izatea. Egia da une batzuetan laguntzeko zailtasunak izan ditzaketela, baina ondo eta asko laguntzeko aukera dute zertan jarri arreta argi eduki ezkero. Guraso moduan helburu nagusia ikasteko ohiturak edo ikasteko autonomia lantzea da. Besteak beste, errutina batzuk izatea, antolatzen jakitea, informazioa bilatzen eta erabiltzen jakitea eta abar. Gainera, motibatuta aritu daitezen lagundu behar diegu, eta horri begira ere errefortzu positiboak egiten duten ahalegin horretan jarri behar dugu.

Baina guraso askok euskara gaitasun mugatua dute edo ez dute ezer ulertzen eta, orduan, etxean erderaz aritzen dira seme-alabekin. Nola jokatu behar dute euskaraz ikasten duten umeekin?

-Eskolako lanekin laguntzerakoan erdaraz lagundu diezaiekete: seme-alabek edukiak ondo ulertu eta barneratzen badituzte erdaraz, euskaraz ere garatu ditzakete. Hor ez dago arazorik. Hori bai, funtsezkoa da irakasleekin harremana. Beraiek esan behar dute zeintzuk diren helburuak eta zeran nahi duten laguntzea. Adierazi beharko lukete, adibidez: zer nahi duten ikasleen aldetik (zenbat denbora eskaini behar lieketen ikasketei, zenbat irakurtzeari, zenbat idazteari, eta abar) eta zeintzuk diren gure seme-alabei bidali dizkieten lanak (behar bada ez xehetasun askorekin, baina bai ikuspegi orokor bat).

Suposatzen dut askotan haurrek berek ere, adinaren arabera, ez dutela jakingo etxeko lanak gurasoei itzultzen. Zer egin behar dute gurasoek horrelakoetan?

-Egokia da zailtasunak dituzten arloetan ere laguntza eskaintzea. Baina kontuan izan behar dugu gurasoak garela eta ez garela irakasleak, eta beraz ez dugula zertan gai hori jakin beharrik. Eta, are gehiago, konturatu behar dugu adin batetik aurrera ezingo diegula lagundu edukien mailagatik eta behar duten denboragatik. Hori bai, ikasteko ohiturak garatu badituzte eta motibazioa ere landu badugu, normalean ikasketetan ondo ibiliko dira.Azkenik, eta aholku zehatzen bat ematera begira, eskolako lanen batekin zailtasunak badituzte eta laguntza eskatzen badigute: laguntzeko modu bat azalpenak erdaraz ematea izan daiteke eta zertan ari diren ulertzeko itzultzaileak erabil ditzakegu. Asko habetu dira itzultzaile hauek, eta www.modela.eus, adibidez, oso egokia da. Hori bai, lagundu aurretik galdetu zer egin behar duten, zailtasuna ez da beti ulermenean egoten, batzuetan informazio bilatu behar dute, gai bat garatu edo buruz zerbait ikasi. Kasu horietan laguntzeko moduak erraz aurkituko ditugu.

Zer aholku emango zenieke euskara gutxi dakiten baina euren seme-alabengan erabilera sustatu nahi duten guraso horiei?

-Eskola orduz kanpoko jarduerak oinarri oinarrizkoak dira. Garai honetan dena gelditu den arren, udan edo udazkenean berriz ere hasiko dira eta kontuan izan behar dugu euskara eskaintzeko bide ezin hobeak direla: jarduera gidatuak dira eta euskararen erabilera dinamizatu dezake begirale edo irakasleak. Beraien artean erdaraz egiteko ohitura duen haur edo nerabe talde batea kasuan, euskara gehiago erabiltzen lagundu diezaiekete. Gainera, jarduera horietan hainbat bizipen izaten dituzte eta erreferente asko ere ezagutzen dituzte. Beraz, egin nahi duen jarduera euskaraz eskaintzen badute, hautatu euskaraz. Baina jarduera hori euskaraz egiteko aukera ez badute, eskatu edo interesa azaldu, gurasoek eskatu ezkero gero eta jarduera gehiago eskainiko dira euskaraz. Bide honetan udaletatik lan handia egiten ari dira ea euskarazko eskaintza zabala da gaur egun. Eskola orduz kanpoko jarduerez gain eta etxean euskararen lekua zaintzeaz gain, gurasook dakigun euskara ere erabil dezakegu seme-alabekin. Behar bada ez dugu askorik jakingo, baina ziur pixka bat baietz. Kasu horretan oso egokia da dakigu euskara hori beraiekin ere erabiltzea: ikus dezatela guk ere erabiltzen dugula, interesa dugula eta gustatzen zaigula. Gure euskara mailaren arabera, elkarrizketa asko euskaraz izan daitezke edo soilik esaldi batzuk erabiliko ditugu, baina beti izango da positiboa dakiguna erabiltzea.

Konfinamendu egoeran, etxeko hizkuntza ohiturak aldatzeko abagunea izan daiteke?

-Hainbat etxetan gurasoek badakite euskara baina beraien artean ez dute egiten, eta seme-alabekin askok egiten dute baina guztiek ez. Kasuistika oso zabala da. Konfinamendu egoera hizkuntza-ohiturak aldatzeko unea izan daiteke: etxean gaude denbora askoan, harremanak aldatu dira aste hauetan eta abar. Baina ez da erraza erabaki hori hartzea.

Zein da hizkuntza ohitura horiek aldatzeko eman behar den lehen urratsa?

-Bikote edo familiek aldatu izan dituzte hizkuntza-ohiturak. Hori erakusten duten hainbat kasu daude. Familian hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesua gurasoengandik hasi beharko luke. Gurasoek hitz egin, adostu eta hasi behar dute. Seme-alabekin hitz egitea eta jakinaraztea oso ona da, baina seme-alabak prozesu horretara gonbidatu egin behar ditugu. Ardura, beraz, gurasoena da. Hizkuntza-ohiturak aldatu izan dituzten bikoteen kasuan, badira oso kontuan hartzeko klabe batzuk. Adibidez: zaila baino arraroa dela. Hau da, elkarri euskaraz egitea arraroa egiten zaigu, baina behin hasi ezkero ez da horren zaila eta normala izatera pasatzen da. Bestalde, konstantzia klabea da: behin hasi ezkero, mantendu. Horretan saiatu. Tarteka erdarara pasa garela konturatu ezkero, itzuli euskarara.

Ohiturak alda daitezke gurasoetako batek bakarrik euskaraz dakien familietan ere?

-Batek bakarrik dakinenean seme-alabekin egin dezake hizkuntza-ohitura aldaketa. Noski, seme-alabak zenbat eta txikiagoa izan errazagoa izango da hori. Guztia euskaraz egiteko gai bada, beti euskaraz egin beharko lieke seme-alabei, baita euskaraz ez dakitenak aurrean daudenean ere. Harremana euskaraz finkatzea lortu behar dugu. Are gehiago, oso posible da seme-alabek erdaraz erantzutea ordura arte harreman hori horrela izan delako. Kasu horietan, ulertu seme-alaben hizkuntza-jokabidea, ez epaitu, esplizitu egin gure nahia, eta euskaraz egiten digutenean zoriondu eta errefortzu positiboak eman. Baina kasu askotan gurasoek euskara maila nahiko ona izan arren ez dute beraien burua gai ikusten seme-alabekin guztia euskaraz egiteko.

Txikiak direnean errazagoa da ohitura horiek aldatzea?

-Txikiak direnean ez dute arazo handirik izaten baina bai adinean aurrera doazenean. Kasu horietan hizkuntza-ohitura aldatzea baino euskararen erabilera mantentzea izan daiteke helburua. Hau da: seme-alabak hazten doazen neurrian beraiekin euskararen erabilera ez galtzea. Horretarako aukera oso egokia une eta egoera babestuak sortzea da: beti euskaraz egingo diegun egoerak tarte horietan eroso sentitzen garelako (adibidez, goizetan jaiki eta eskolara iritsi bitarteko tartea) edo beraiekin adostutako eta maiztasun bat duten tarteak (adibidez, asteburuetan eskulan bat egiteko ohitura hartzen badugu, tarte horretan musika euskaraz jartzea eta gure artean euskaraz egitea). Seme-alabei lagundu behar diegu eleaniztunak izatera iristen, eta bide horretan euskara ere ondo ikasi behar dute. Baina euskararekin harremana zaindu behar dugu: erabili behar dute eta disfrutatu behar dute. Horretan lagundu behar diegu. Euskararen lekua zainduz eta dakigun euskara hori erabiliz eta guk ere euskararekin disfrutatuz, asko lagunduko diegu.

"Haur eta nerabe gehien gehienek euskaraz ikasten dute baina eskolaz kanpo euskara erabiltzeko ez dute aukera askorik"

"Hizkuntza bat ondo ikasteko asko erabili behar da, eta hizkuntza bat norberana egiteko bizipenak behar dira"

"Etxerako lanen gaia izaten da euskaraz ez dakiten guraso askoren arduretako bat. Ulertzekoa da kezka hori izatea"