- Elkartasuna deskonfinatzea eta globalizatzea beharrezkoa dela ziurtatu zuten atzo euskal GKEek, koronabirusari herrialde guztietan aurre egin ahal izateko. Zigmunt Bauman soziologo poloniarrak Society Under Siege lanean adierazi zuen moduan, “orain inoiz baino gehiago, gizateria bidegurutze baten aurrean dago: bide batek lankidetzara darama, besteak erabateko suntsipenera”. Hain zuzen, “argi dago mundu hau globalizatuta eta interkonektatuta dagoela. Inork hori zalantzan jartzen bazuen, Covid-19aren hedapenak argi utzi du: ez dago krisialdi hau bere kabuz gainditzeko gai den naziorik, eta ezin dugu inor ahaztu erronka global honi arrakastaz egin nahi badiogu aurre”, adierazi zuten atzo Euskadiko GGEtik. “Koronabirusa Euskadira iritsi zenetik, aste gutxi batzuetan agerian geratu da gure ekonomia eta gizarte-ereduaren ahultasuna. Etxean geratu behar izan dugu, mugikortasunari uko egin, lan-ereduari buruz berriro hausnartu eta gure ekoizpen-kateak eta geure elikadura ere berrikusi. Laburbilduz, biztanleria osoa zaurgarritzat hartu ahal izateak ispilu baten aurrean jarri gaitu, eta ikusi dugu hemen, munduko gainerako lekuetan bezalaxe, urrun gaudela zaintzaren behar sozialaren arazoa konpontzetik”.Hala, beraien esanetan ere, pandemiak agerian jarri ditu askotariko desberdinkeria estrukturalak: estaldura publiko mugatua, lan-sektore prekario eta prekarizatua, karga gehiegi dituzten familiak -zaintzak beren gain hartu dituztelako- eta genero-desberdinkeria, besteak beste. “ezohiko egoera honek gogorarazten digu birusa gaindituko duen proiektu politiko eta sozialak arau etiko bati jarraitu behar diola, zeinaren arabera bizitza guztiei balioberdina eman behar zaien, non jaio diren kontuan hartu gabe”, adierazi zuten.

“Azken batean, Euskadiko GGKEen Koordinakunde gisa, eta ikusita Covid-19aren hedapenak sortu duen krisialdia eta horrek mundu globalizatuko zati handi batean izango dituen gizarte eta ekonomia-eraginak, krisialdiaren kausen eta ondorioen interpretazio okerra egitearen arriskuari buruz ohartarazi nahi dugu, eta eskatzen dugu elkartasun-loturak indartu daitezela mundu osoan zehar”.