- Arabako Unibertsitate Ospitaleak eta Donostiakoak parte hartuko dute Espainiako Osasun Ministerioak Covid-19ren aurka borrokatzen diren osasun-profesionalen babesa hobetzeko bultzatutako saiakeran. Joan den asteazkenean Salvador Illa Osasun ministroak iragarritako entsegu horretan 62 ospitalek eta 4.000 profesionalek parte hartuko dute, eta lau aste barru emaitzak eskaintzea espero duela ere jakinarazi zuen orduan.

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak atzo azaldu zuenez, Euskadin bi izango dira entsegu horrekin bat egingo duten ospitaleak, Gasteizko ospitalea eta Donostiakoa, hain zuzen ere.

Ildo beretik, azterketa horren izena Epicos izango dela ere adierazi zuten atzo bertan, eta bere helburua da alternatiba farmakologiko desberdinak ebaluatzea Covid-19 gaixotasunaren garapena prebenitzeko osasun-langileen artean. Horretarako, prebentzioz eta ausaz sendagaien printzipio aktibo bat edo bi emango dira, eta plazebo talde batekin alderatuko dira, jakinarazi zutenez.

Hala, guztira, hiru tratamendu estrategikoren prebentzio-eraginkortasuna alderatuko da: hidroxiklorokina, GIB bidezko infekzioa tratatzeko erabiltzen diren antirretrobiralak eta, azken bat, bien konbinazioa izango duena.

Osasun Ministerioaren arabera, prebentziozko tratamenduak 12 aste iraungo du, baina hilero analisiak egingo dituzte, aukera bakoitzaren eraginkortasuna ebaluatzeko.