GASTEIZ - "Patxik ezagutarazi digu hiria lehendabiziko aldiz, nahiz eta nik uste nuen ezagutzen nuela. Eta zein abegikorrak gasteiztarrak! Klaudiak gidatu gaitu fakultatetik, eta Aihotzeko elkartekoek patxaran bana atera digute krokisa marraten ari garela". Lerro hauekin hasten da Patxi Zubizarretak idatzitako gida, hiria berraurkitu nahi duena, hiriko txokorik politenak eta batzuetan ezkutuenak zehaztuz. Izan ere, Patxi Zubizarreta idazleak eta Asisko Urmenetak ilustratu du Gasteiz izeneko gida hau. Euskal Herriko beste sei hiriburuetako gidekin batera kaleratu da Arian irakurgai mailakatuen bilduman.

"Gasteizen barrena bisita gidatua egiteko proposamena da hau, Gidariak Gipuzkoatik iritsitako lagun- taldearekin batera korrituko ditu Gasteizko kaleak, eraikinak, parkeak, plazak, artelanak, hilerriak, tabernak, museoak, auzoak, historia puskak eta istorio osoak", azaldu zuen atzo idazleak berak Elkarren egindako liburuaren aurkezpenean. Eta erantsi zuen: "Asteburu bakarrean hiri berdea goitik behera ezagutzeko aukera eskaintzen digu".

Ilustrazioak Asisko Urmenetarenak dira. Ibilbidea, liburuaren hasieran mapa bat kokatu du, eta atal bakoitza, ilustrazio batekin apaindu du. Urmenetaren ilustrazioak Dom Campistronek koloreztatu ditu, "bi artisten arteko elkarlanaren emaitza berezia eta ikusgarria" dela adierazi zuten atzo liburuaren aurkezpenaren antolatzaileek.

Idazleak berak atzo azaldu zuen bezala, gidaliburu hau egitea eskatu ziotenean ilusio berri bat izan zen harentzat; izan ere, adierazi zuenez, Gasteiz hiria oso berea sentitzen du. Horregatik, Gasteiz gida egin izanak ekarri du harentzat hiriko txokoak berriro sentitzea, irakurleari transmititu ahal izateko: "Denboraren poderioz, konturatu naiz nire jaioterria dagoela Ordizian, Gipuzkoan, baina nire sorlekua dagoela Gasteizen; hemen sortzen dudala eta hemen egin naizela ikasle. Irakurle bezala etorri nintzen eta idazle hemen egin nintzen. Eta idazle langintza horretan, oparia izan zen enkargu hau jasotzea, nire hiri adoptibo hau liburu batera ekartzea", adierazi zuen. Hala ere, Patxi Zubizarretak azaldu zuenez, ez da hiriari buruz zerbait idazteko "zortea" duen lehen aldia; izan ere, "zorte hori izana nuen Katedral zaharrari buruzko liburu bat egin genuenean". Horregatik, liburu hau idazteak oroitzapen "gozoak" ekarri dizkio: "Konturatu naiz aldaketa handia gertatu dela hirian, deskubrimendu asko egin ditudala. Besteak beste, erdalduntzat jo izan den hirian, hiri honetan, sortu zela euskarazko lehendabiziko hiztegia", adibidez.

Hiriko lekurik esanguratsuenak erakusteaz gain, euskararen erabilera hobetzen eta ikasten ere laguntzen du gida honek, hizkuntza horretan duten maila hobetu nahi duten ikasleentzat. Izan ere, B1eko ikasleentzat pentsatutako maila batean dago idatzita eta gida ere cd batekin dator. Gasteiz gida, Arian Irakurgai Mailakatuak bilduman argitaratu da. Bilduma horretan, ipuin, nobela eta testu-periodistikoak biltzen dira, A1, A2, B1 eta B2 mailetara egokituta. Liburu guztiek dute audio-liburua testu idatziarekin batera, ulermena lantzeko ariketak eta hiztegi laburra. Gainera, Gasteizko gidarekin batera argitaratu dira Baiona, Donostia, Donibane Garazi, Bilbo, Iruñea eta Maule-Lextarreko gidak ere, guztiak B1 mailan.

Gida Liburuak 69 orrialde ditu, hamar kapitulu ezberdinetan banatuta. Zikoinak, Erdi Arorantz, Katedral Zaharra, Alde Zaharra, Plazak, Hirigunea, Parkeak, Armentia, Olarizu eta Salburua dira hamar atal horien izenak. Salburuako kapitulua amaitzen denean jarduerak hasten dira, hiztegia ere bai, eta ariketen erantzunak ere eskaintzen dira. Gainera, kapitulu bakoitzean ilustrazio ezberdin eta original bat eskaintzen da, hiriko leku ezberdinak eszenaratzen dituena. Adibidez, lehen atalean, Zikoinak izenekoan, modu fresko eta dibertigarrian marrazten da emakume bat patinete elektriko batean eta gizon bat bere makilarekin, hau guztia Gasteizko tranbia parean duela. Beste ilustrazio batean, 7. kapituluari dagokiona, parkeak izenekoa, oso koloretsua eta bizia den zuhaitz bat ikus daiteke. Bertan, bost zikoina daude, guztiak hainbat liburu partekatuz eta irakurketaz gozatuz. "Ilustrazio hauek benetan posta bilduma bat egiteko aukera bat ematen dutela, ez dakit norbaitek jasoko duen ideia hori baina Gasteizi buruz ikusten ditudan postal gehienak oso itsusiak dira, joan den mendekoak dira, eta uste dut ilustrazio hauek ikuspegi freskoa eta dibertigarriak direla", nabarmendu zuen idazleak.

Horregatik guztiagatik, Patxi Zubizarreta idazleak ez zuen aukera galdu nahi izan Euskal Herriko irakurle guztiak berarekin gozatzera gonbidatzeko, asteburu batez hiriko leku enblematiko eta karismatikoenak deskubrituz. Baina bereziki gasteiztarrentzako deia ere egin zuen: "Ehun hego dituen hegazti bat da gida hau eta hego hoiekin egin dezakegu aurrera; ez korrikan, Gazteizen jende gehiena korrikan doa. Maratoia iragarri dute orain dela gutxi irratian eta esangu nuke gida honek proposatzen duena pausatua dela eta oinez egin daitekeela, batez ere, eta bizikletaz, nahi izanez gero".

"Gasteizen barrena bisita gidatua egiteko proposamena da 'Gasteiz' gida hau"

Patxi Zubizarreta

Idazlea