25 urte pasa dira GEUrekin Mendira taldea sortu zutenez geroztik mendia eta euskara uztartzeko asmoz. Araba eta Gasteizko ehunka euskaltzale eta mendizalek proiektuaz gozatzeko aukera izan dute azken 25 urteotan. 1995eko otsailetik hainbeste irteera antolatu dituzte Gasteiztik Euskal Herriko eta inguruetako mendietara aisialdirako esparru euskaldun batean. Hain zuzen ere, 1995eko otsailaren 19an izan zen Gasteiztik Ezkibelgo mendi tontorrera egindako lehen txango hura.

Ordutik 200 txangotik gora egin ditu GEUrekin Mendira taldeak (Txindoki, Toloño, Zaldiaran, Kapilduy, Aratz, Aiako harriak, Erlo, eta abar). Mendi apalak eta handiagoak tartekatzen dira hilabetean behin antolatzen dituzten txangoetan, gehienetan, hileko hirugarren igandean biltzen dira Mendizorrotzako aparkalekuan goizeko 8.30ean.

Hizkuntzaz gozatzeko esparru hori antolatu dute GEUrekin Mendira taldekoek, "euskararekiko konpromiso handia dugulako", aipatu du Begoña Ariznabarreta antolatzaileak (geurekinmendira@geuelkartea.eus da kontaktua informazio gehiago eskatzeko). Euskaldun ororentzat zabalik dago ekimen hori, adin guztietako eta era askotako jendea biltzen da eta. Ez da inporta euskara maila. Euskaldunzaharrak, euskaldunberriak, gazteak, helduagoak, euskara ikasten ari direnak, eta abar. Adin eta ideia ezberdinetako pertsonak elkartzen dira taldean.

1995EAN HASI ZEN Orain dela 25 urte bi emakume hasi ziren mendi talde euskalduna martxan jartzen, Maite Mendiburu eta Begoña Ariznabarreta. Mendia maite dute, eta euskara ere bai. Biak gaztetan mendian ibiltzen ziren. GEU sortuta zegoenez, iragarki bat argitaratzea erabaki zuten elkartearen aldizkarian euskara eta mendia uztartzeko asmoz. "Lehenengo irteeran 37 lagun elkartu ginen Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan oinez egiteko Ezkibel mendira ibilbidea", gogoratu du Begoña Ariznabarretak.

ospakizun berezia Ordutik 25 urte igaro dira. Mendi irteera eta bazkari batekin ospatu zuten taldearen 25. urteurrena pasa den otsailaren 23an. Gasteiz inguruan mendi buelta egin zuten igande horretan. Goizeko 8.30ean Mendizorrotzako aparkalekuan elkartu ziren 21 lagun. Handik, Arrieta eta Rosteta mendietara joan ziren (Mendizorrotza, Berrostegieta, Arrieta eta Rosteta mendiak, Lasarte eta Gasteiz izan zen egindako ibilbidea); eta itzultzean, Gasteizko Amua jatetxean ospatu zuten urteurren berezia.

arrakasta Era askotako jendeak parte hartzen du, guztiek mendian gozatzen dute eta giro polita sortzen da haien artean. Ez da ezinbestekoa aurrez izena ematea, aski da egunean bertan irteera-gunean azaltzea, Mendizorrotzako aparkalekuan (Beti Jai frontoien aurrean) goizeko 8.30ean. Hilean behin (normalean hirugarren igandean) antolatzen dituzte ibilbideak. "Gonbidaturik zaudete gurekin etorri eta mendian gora euskaraz egitera, giro polita eta ezin hobea da eta taldea oso atsegina", aipatu du Ariznabarretak.

Erdi mailako mendi irteerak dira, 10 eta 15 kilometro artean egiten dituzte. "Ibilbideak ez dira zailak, baina ondo prestatuta joatea komenigarria da, adibidez, mendiko botak eta arropa aproposa jantzita, ura eta janaria ahaztu gabe".

Taldeko parte-hartzaile gehienak federatuta daude beste mendi talde batzuetan. GEUrekin Mendira taldea ez da gertatu daitezkeen ezbeharren erantzule, eta federatua egotea gomendatzen dute.

Ibilbide batzuk egun erdikoak dira (goizekoak) eta 14.30-15.00ak aldera Gasteizen izatea kalkulatzen dute; beste txango batzuk egun osokoak dira eta 17.00-17.30ak aldera Gasteizen izan ohi dira.

Kotxeak antolatzeko ez dago arazorik, GEUrekin Mendira taldeko kide batzuek automobila daukatelako. Hain zuzen ere, hamar gidari daude: zortzi gizon eta bi emakume. 4-5 kotxe betetzen direnez, txango bakoitzean parte hartzen duten guztien artean ordaintzen dute gasolina.

Urtean behin hamar antolatzaile elkartzen dira 11 mendi irteera eta egutegia antolatzeko, irailetik ekainera hilean behin, eta abenduaren 31n beste txango bat prestatzen dute.

emakume gehiago GEUrekin Mendira egitasmoko kideak asko aldatu dira hasieratik. Begoña Ariznabarreta antolatzaileak aipatu du denborarekin aldatzen joan dela GEUrekin Mendira taldea, eta gaur egun, 45 urtetik gorakoak elkartzen direla bereziki.

Ariznabarretak gogoratu du adin guztietakoak joan direla txangoetara. Behin 80 urteko emakume batek hartu zuen parte, eta urte gutxiko umeak ere izan dituzte. Mendizaleen adina kontuan hartuta, gehienak 40tik gorakoak dira. "40-60 urte bitartekoak gara normalean, baina jende gazteago ere etortzen da noizbehinka, eta horiek bizia ematen diote taldeari". Generoaren arabera, Begoña Ariznabarretak aipatu du "nahiz eta orain dela 25 urte GEUrekin Mendira taldean emakume gutxi izan, gaur egun gero eta emakume gehiago txangoetara etortzen direla, aldaketa nabarmena izan da".

KONPROMISO OSOA Azken urteotan irteera bakoitzean batez besteko mendizale kopurua 20koa izan da. Ariznabarretak gogoratu duenez, salbuespenak ere egon dira. "Behin bi lagun bakarrik agertu ziren, eta beste ibilbide batean 65 pertsona bildu ginen Txindoki mendira joateko".

"Talde irekia da gurea, euskara maila guztietako lagunak elkartzen gara. Beti gogoz hartzen dugu jende berria etortzea. Adiskide onak egin eta egingo ditugu mendi txangoetan", adierazi du antolatzaileak. Eta proposamen desberdinak ere ongi etorriak dira.

Aipatzekoa da inoiz ez dutela txango bat bertan behera utzi (laino eta euripean ere egin dituzte ibilbideak). Antolatutako irteerak bete dituzte, nahiz eta salbuespen gutxi izan. Noizbehinka bideak izoztuta egon dira edo errepideak ez dira gidatzeko aproposak izan. Kasu horietan beste txango batzuk egin dituzte oinez, adibidez, Mendizorrotzako aparkalekutik Zaldiaran mendira.

gaur egun

orain dela 25 urte...