gasteiz - Arabako Foru Aldundiak, gizarte ongizaterako foru erakundearen bidez (GOFE), aurten 6,1 milioi euro bideratuko ditu Apdema adimen desgaitasunen bat duten pertsonen aldeko arabako elkarteak kudeatzen dituen foru titulartasuneko zerbitzuak finantzatzeko.

Horien artean, laguntzadun etxebizitzen zerbitzua eta arreta goiztiarreko zentroa aurki daitezke, adibidez. Etxeen kasuan, adimen desgaitasunen bat duten eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak bizi dira, etxerik ez daukatelako edo hala behar dutelako familia eta lan arrazoiengatik edo arrazoi pertsonalengatik. "Etxebizitza horietan, behar duten berariazko laguntza ematen diete profesionalek, ahalik eta autonomia pertsonal handiena eta gizarteratzea lor dezaten", azaldu zuen Aldundiak.

Apdemak kudeatzen dituen laguntzadun etxebizitza zerbitzuak hamaika etxebizitza ditu lurralde osoan banatuta: Gasteizen, Oionen, Laudion eta Amurrion. Iaz, adimen desgaitasunen bat duten 98 lagun bizi izan ziren hauetan. "Foru zerbitzu horiek pertsona horien autonomia sustatzen duten hainbat programa ere baditu, eta atseden zerbitzua ere ematen diete haien senideei", gogoratu zuen.

Sinatutako hitzarmenean, bizimodu independentea izaten laguntzeko programa bat ere badago. Programa horren bidez, adimen desgaitasunen bat duten eta bakarrik bizi diren pertsonei laguntza ematen diete; izan ere, "laguntzadun etxebizitzetan bizi direnek ez bezala, pertsona horiek ez dute erakundeen edo senideen laguntzarik haien etxeetan". 2018an, 40 pertsona inguruk hartu zuten parte programa horretan.

Gainera, etxebizitza zerbitzuaren hitzarmenean badago senideei laguntzeko eta atsedena emateko programa bat ere. Horri esker, "adimen desgaitasunen bat duten umeen eta gazteen senideek atseden har dezakete asteburuetan edota opor garaian eta, horrela, norberaren eta familiaren bizitza uztartzen laguntzen diete".

Aisialdi eta atsedena ere GOFE eta Apdemaren arteko lankidetzan sartzen dira, adimen desgaitasunen bat duten bostehun bat laguni arreta emateko foru erakundeak daukan bigarren lankidetza hitzarmen bati esker. Pertsona horiek beren aisialdiaz gozatzen dute Apdemak Gasteizen, Laudion eta Amurrion banatuta dauzkan aisialdi zentroetan, eta oporretako, gizarte eta kultura animazioko eta kirol jardueretako programetan parte hartzen dute.