gasteiz - Higa 2020 -hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen hirugarren topaketa- Gasteizen ospatuko da aurten ere irailaren 6tik 9ra. Horrela, mundu osoko hiztun gazteak hirian batuko dira eta elkarrekin lau egun partekatuko dituzte, bizikidetza eta elkarlana sustatzeko, baita elkarrekin ikasteko. 2011koa eta 2018koa dira topaketa honen aurrekariak. Azken edizioan, adibidez, munduko 75 gazte elkartu ziren hirian, 35 hizkuntza gutxitu ezberdin hitz egiten zituen talde "aberats eta dinamiko" bat osatuz. Aurtengo topaketan izena emateko epea irekita dago jada eta maiatzaren 21ean itxiko da.

Atzo honen guztiaren berri eman zuten Iñaki Gurtubai -Euskera zinegotzia-, Beñat Garaio -Higako zuzendaria-, Josune Zabala -Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria-, Mari Jose Olaziregi -EHUko Letren fakultateko hizkuntzalaritza eta euskal ikasketa sailburua-, Lexuri Ugarte -Gobernantza irekiko eta Euskara zuzendaria- eta Axier Urresti -Vital fundazioaren zuzendari exekutiboa-.

Gurtubaik azaldu zuenez, ekimen hauek garrantzizkoak dira. Izan ere, "munduan 6.000 hizkuntza badaude eta 200 estatu, atera kontuak. Berezia da Gasteizek hizkuntza biziberritzeari dagokionez egin duen bidea. 1986an, euskaldunak %6 ziren, eta 2016an, berriz, %26,17. Hiri gutxi egongo dira munduan, beren hizkuntza halako neurrian biziberritu dutenik", adierazi zuen.

Guztiek argi dituzte proposamen honen helburuak. Garaiok azaldu zuenez, hizkuntza gutxituetako mundu osoko hiztun gazteak batu, hizkuntza hauen biziberritze prozesuaren oinarri teorikoak eta bizipenak jaso, euskararen biziberritze prozesua ezagutzera eman eta partekatu, baita gazteriaren parte-har-tzea aktibatu nahi dute Higarekin.

Izan ere, Udalak eta EHUk elkarlanean Udako Ikastaro ofizial bat antolatu dute Higaren harira. Mari Jose Olaziregiren aburuz, "pozgarria da UPV/EHUren ikuspegitik, topaketa hauek Uda Ikastaroen egitarauaren parte izatea. Unibertsitatea prest dago gainera bere esku dagoen guztia egiteko, 2018ko ekitaldian bezalaxe". Goizetan hizkuntzen biziberritzearen inguruko hainbat gai jorratuko dira adituekin; arratsaldean ekintzak antolatuko dira Gasteiz hobeto ezagutzeko eta beraien arteko harremana sendotzeko; eta bukatzeko, gauetan, ekitaldi kulturalak antolatuko dira. Antolakun-tzak gainera matrikula, otorduak eta lo egiteko tokia ordainduko die gazteei, eta gauzak horrela, elkarrekin 24 ordu pasatuko dituzte lau egunez.

iragana eta etorkizuna Antolakuntzan parte hartu dutenek eta ekimena babestu dutenek aurreko urteekin konparatuz zenbait gauza konpondu dituzte. Adibidez, aurten bidelagun gehiago dituztela esan zuen Garaiok, baita inpaktu gehiago lortzeko aukera ere. Oraindik ez dakite zer gertatuko den etorkizunean, baina seirek diote oso pozik daudela ekimenarekin eta hurrengo urteetan jarraitzeko gogoak dituztela parte hartzaileek. Lexuri Ugartek, adibidez, hau tresna baliogarri bat bezala ikusten du, "jakin dezaten beste herrialdeetan ere euskarak asko daukala oraindik ere eskain-tzeko, jorratzeko eta eboluzio handia egin dezakela euskarak gurean horrelako ekimenen bitartez. Asmoa eta desioa aurrerantza doa".

datuak

6.000

Euskera zinegotzia den Iñaki Gurtubaik munduan 6.000 hizkuntza eta 200 estatu daudela gogoratu nahi izan zuen.

2011

Aurreko bi topaketak 2011n eta 2018an ospatu ziren hurrenez hurren, biak Gasteizen.

75

Azken edizioan mundu osoko 75 gazte elkartu ziren hirian, 35 hizkuntza gutxitu ezberdin hitz egiten zituen "talde aberats eta dinamiko bat osatuz".